Neuroproteomiko klinikoa
Unitatearen lana gaixotasun neurodegeneratiboen garapenean dauden prozesu molekularrak definitzea da. Helburu hori aintzat hartuta, Alzheimer, Parkinson, Esklerosi Anizkoitza eta Alboko Esklerosi Amiotrofikoa bezalako gaixotasunetan prozesu neuropatogenikoek tartean dituzten proteinak eta peptidoak identifikatzen aritzen dira. Horretarako, erreminta proteomikoak erabiltzen dituzte, gizakien garuneko laginetan nahiz gaixotasun-ereduetatik datozenetan ehunka proteina identifikatu eta zenbatu ahal izateko. Analisi bioinformatikoen bitartez, gaixotasunaren mekanismo molekular espezifikoak detektatzen dituzte, balio pronostikoa eta/edo diagnostikoa izan dezaketen proteinak bereiziaz.
Taldea Nahasmendu Neurologikoen Programaren buru da, Giza Proteomaren proiektuaren barnean, Proteored-Carlos III.a Osasun Institutuak eratutako Espainiako kontsortzioaren bitartez.
Taldea ere GCCR (Global Consortium for Chemosensory Research) nazioarteko partzuergoko parte da.
- Usaimena eta neurodegenerazioa.
- Gaixotasun neurodegeneratiboen garapenean inplikaturiko mekanismo molekularren karakterizazioa.
- Gizakiaren garunaren lateralizazio funtzionalaren analisi molekularra proteomiko inter-hemisferikoa erabiliaz.
Navarrabiomedek parte hartzen duen nazioarteko ikerketaren arabera, COVID-19a duten pertsona gehienek usaimena eta/edo dastamena galtzen dute
- 50 herrialdetako 600 profesional baino gehiagok osatutako partzuergoak nabarmendu du garrantzitsua dela diagnostikoa baieztatzea usaintzeko eta dastatzeko gaitasunean aldaketak nabaritu dituzten pertsonei
COVID-19 duten gaixo gehienek usaimena edota dastamena galtzen dutela berretsi duen nazioarteko ikerketa batean parte hartzen ari da Navarrabiomed. Ekimen hau 50 herrialdetako 600 langilek baino gehiagok osatutako nazioarteko partzuergo baten barruan kokatzen da.
Enrique Santamaría Martínez doktoreak, Navarrabiomedeko Neuroproteomika Klinikoaren Unitateko ikertzaile nagusiak, zuzentzen du zentroaren parte-hartzea nazioarteko partzuergoan, eta, horren arabera, COVID-19aren eta anosmiaren (usaimenaren galera) arteko harremana zuzena da eta gaixotasunaren fase goiztiarretan dastatzeko gaitasunaren murrizketa ere bai. 50 herrialdetako 600 profesional baino gehiagok parte hartzen dute azterketa horretan, eta aurkikuntzek inplikazioak izan ditzakete agerraldi berrietan diagnostiko-probak esleitzeko.
Iragan apirilaren 7an, Ikerketa Kimiosentsorialerako Partzuergo Globalak (GCCR) inkesta masibo bat egin zuen, parte hartzaileen usaimen eta dastamen gaitasunen inguruko informazio sentsoriala biltzeko. Pertsona horiek proba objektibo baten bidez (PCR testa edo balorazio klinikoa) diagnostikatu ziren, galdetegiari erantzun baino 15 egun lehenago gehienez. Usaimena, dastamena eta kemestesi funtzioa (usaintzeko, dastatzeko eta hozte, inurridura eta ahoan erre sentsazioak hautemateko duten gaitasuna) kuantifikatzeko eskatu zitzaien, COVID-19 gaixotasunaren aurretik eta bitartean, besteak beste. Gainera, sudur-buxadurarik izanez gero, hura seinalatzeko eskatu zitzaien.
Partzuergoak aurretiazko emaitzak lortu zituen apirilaren 18an, eta aurkikuntzak maiatzaren 8an argitaratu zituen medrxiv.org sarbide libreko biltegi publikoan. 40 herrialde baino gehiagotako 4.039 pertsonak bete zuten inkesta, eta emaitzen azterketak erakutsi du usaimena, gustua eta kemestesia nabarmen murrizten direla COVID-19 gaixotasuna diagnostikatu zaien gaixoetan. Garrantzitsua da nabarmentzea sudurreko buxadura ez dagoela lotuta galera horiekin. Horrek erakusten du adierazle bat izan daitekeela SARS-CoV-2 bidezko infekzioa eta beste infekzio biral batzuk bereizteko, hala nola hotzeria edo gripea (sudurreko buxadura eragiten duten gaixotasunak).
Modu honetan, usaimen eta dastamen gaitasunen murrizketa ospitaletara edo osasun zentroetara iristen diren eta gaixotasuna berresteko diagnostikorako testa behar duten COVID-19 ahalezko kasuen ezaugarri bereizgarri bezala har daiteke.
Proiektua gaitasun kimioentsorialen eta COVID-19aren inguruko aurreko beste ikerketa batzuez bereizten da, nazioarteko ikuspuntu masibo bat proposatzen duelako zientzia irekiko lankidetza esparru batean. Beste batzuen artean, hauek dira ekimenaren zuzendariak: Valentina Parma (Temple University, Filadelfia, AEB), John Hayes (Penn State, AEB), Thomas Hummel (Technische Universität Dresden, Alemania), Steve Munger (Universidad de Florida, AEB) eta Danielle Reed (Monell Chemical Senses Center, AEB).
Ikerketa, abian
Egun, 37.000 erantzun baino gehiago jaso ditu jada partzuergoak, eta galdetak aktibo jarraitzen du. Navarrabiomedek arnas gaixotasunen bat berriki izan duten pertsonak animatzen ditu, COVID-19 barne, https://gcchemosensr.org/ estekara sartzera eta galdetegia osatzera, eskura jarri diren 29 hizkuntzetako batean. “Pazienteen parte hartzea funtsezkoa da SARS-Cov-2k eragiten duen sintomatologia zehazteko. Orain, partzuergoaren barnean komiteak daude GCCR ekimenean bildutako informazio guztia erabiltzen duten berariazko ikerketa proiektuak abiarazteko”, aipatu du Santamaría doktoreak.
Neuroproteomika Klinikoaren Unitateak jakin nahi du zergatik galtzen duten usaimena COVID-19 duten pazienteek. Horretarako lankidetza ezarri du David Escorsen taldearekin (Navarrabiomedeko Onkoinmunologia Unitatea), SARS-CoV-2 birusak eraginda usaimen mailan daduden molekulen mekanismoaren aldaketa argitzeko.
“Koronabirusaren sarbideetako bat sudur-barrunbeen bidezkoa da. Hori dela eta, "usaimena-burmuina" ibilbidea aztertuz gero, jakin dezakegu zergatik ikusi diren garun-isuriak, epilepsia eta entzefalitisa COVID-19 paziente batzuetan".
Bestalde, Osasun Ministerioak eta Carlos III.a Osasun Institutuak egindako seroprebalentzia azterketaren aurretiazko emaitzen arabera, usaimena galtzea, COVID-19 patologiaren sintoma goiztiartzat hartzeaz gain, immunitate-erantzunaren iragarle ere izan daiteke”, adierazi du Santamaría doktoreak.
Ildo horretan, Navarrabiomedeko Neuroproteomika Klinikoaren Unitateak, Foru Komunitateko beste osasun instituzio publiko eta pribatuekin lankidetzan, usaimen-doitasuneko medikuntza garatzen eta ezartzen dihardu gaur egun. Analisi immunologikoekin batera, usaimena galtzea eragiten duten hainbat patologia modu eraginkorragoan diagnostikatu eta monitorizatu ahal izango dira; besteak beste, COVID-19 gaixotasuna.
-
Informazio bideoa
Navarrabiomed-eko ikertzaileek garuneko proteinak nola analizatu aztertzeko liburu bat koordinatu dute
Enrique Santamaría eta Joaquín Fernández-Irigoyen Navarrabiomed bio-medikuntza ikerketa-zentroko Proteomika Unitateko ikertzaileek “Current Proteomic Approaches Applied to Brain Function / Burmuin-funtzioari aplikatutako hurbilketa proteomikoak” zientzia argitarapenaren edizioa koordinatu dute. Lana Springer-Nature argitaletxe entzutetsuak Neuromethods bildumaren baitan argitaratu du.
Liburua, neuro-endekapen gaixotasunen eta gaixotasun psikiatrikoen eboluzioan zehar proteinen paperari buruzko ezagutza hobetzera bideratutako 20 protokolo estandarizatutan egituratuta dago.
Egileak, IdiSNA Nafarroako Osasun Ikerketa Institutu eta ProteoRed-ISCIII plataforma nazionalari uztartuak egonik, garuneko proteomen kuantifikazio masiboa, aldaketa postradukzionalen monitorizazioa, organulu neuronalen isolamendua eta karakterizazioa eta datu omikoak integratzea ahalbidetzen duten tresna bio-informatikoen ezarpena posible egiten duten metodologien laburpen bat eskaintzen dute. Funtsezko gida da, bai neuro-proteomikaren eremuan sartu nahi duten ikasleentzat, bai neuro-zientzietan masa-espektrometriaren aplikazioei buruz ezagutza handitu nahi duten ikertzaileentzat.
Argitalpenaren garapenean Espainian, Suitzan, Frantzian, Danimarkan, Portugalen, Alemanian, Indian, Estatu Batuetan eta Brasilen kokatutako ikerketa-laborategietatik etorritako 75 ikertzailek parte hartu dute. Hauetako askok Navarrabiomed-eko Proteomika Unitatearekin maiztasunez kolaboratzen dute “The Human Brain Proteome Project (HBPP)” nazioarteko ekimenaren baitan.
HBPP proiektua Human Proteome Organization (HUPO) erakundeak babesten du eta bere helburua garapen eta zahartze-maila ezberdinetan eta egoera patologikoetan giza garuna osatzen duten proteinen karakterizazio osoa egitea da.
Navarrabiomed - Centro de investigación biomédica
Complejo Hospitalario de Navarra, edificio de investigación.
Calle Irunlarrea, 3. 31008 Pamplona, Navarra, España.