SENSORFIT-4HEARTek ariketa fisikoaren preskripzio pertsonalizatua baliozkotu du bihotz-gutxiegitasunaren tratamenduan

Consorcio SENSORFIT-4HEART
Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

SENSORFIT-4HEARTek ariketa fisikoaren preskripzio pertsonalizatua baliozkotu du bihotz-gutxiegitasunaren tratamenduan

•    Navarrabiomedek gidatutako proiektu estrategikoak erakutsi du ariketa fisikoko programa batek eta urruneko monitorizazio-plataforma batek kontserbatutako eiekzio-frakzioa duten bihotz-gutxiegitasuneko pazienteen gaitasun funtzionala eta bizi-kalitatea hobetu ditzaketela.


 

Ariketa fisikoaren preskripzio pertsonalizatua, profesionalen gainbegiradapean eta teknologiaz lagunduta, bihotz-gutxiegitasunaren tratamendurako tresna eraginkorra dela frogatu du SENSORFIT-4HEART proiektu estrategikoak. Emaitzak Nafarroako Gobernuko Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko ordezkariei eta partzuergoko kideei aurkeztu zaizkie amaierako bilera batean.

Navarrabiomedek koordinatutako ekimenak ebidentzia klinikoa, ezagutza biomedikoa eta teknologia uztartu ditu gaixotasun horri aurre egiteko ikuspegi berritzaile bat garatzeko.

Proiektuaren barruan, plataforma multiparametriko bat diseinatu eta baliozkotu da. Plataforma horrek aukera ematen du kontserbatutako eiekzio-frakzioa duten bihotz-gutxiegitasuneko pazienteei ariketa fisikoa modu pertsonalizatuan preskribatzeko eta urrutitik monitorizatzeko.

Patologia hori gero eta ohikoagoa da, eta gaur egun bihotz-gutxiegitasun kasu guztien ia erdia hartzen du. Pazienteen gaitasun funtzionala nabarmen mugatzen du, eta oraindik ere aukera terapeutiko gutxi daude haren aurrean.

Ariketa fisikoa, esku-hartze terapeutiko gisa

SENSORFIT-4HEART proiektuak ideia argi bat izan du oinarrian: ariketa fisikoa behar bezala preskribatu eta pertsonalizatuz gero, osasunean eragin handia duen tresna terapeutikoa izan daiteke.

«Premia zehatz bati erantzun nahi genion: bihotz-gutxiegitasuna duten pazienteei ariketa fisikoa modu seguruan, eraginkorrean eta bakoitzaren beharretara egokituta egiten laguntzea, haien gaitasun funtzionala eta bizi-kalitatea hobetzeko», azaldu du Mikel Izquierdok, proiektuaren ikertzaile nagusiak, Navarrabiomedeko Ariketa Fisikoa, Osasuna, Metabolismoa eta Gaitasun Funtzionala Unitateko arduradunak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko katedradunak.

Helburu horrekin, proiektua hiru ardatz nagusiren inguruan egituratu da: ariketaren balidazio klinikoa, haren ondorio biologikoen azterketa eta emaitzak praktika klinikora eramateko tresna teknologikoen garapena.

Arlo klinikoan, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko 150 pazientek parte hartu dute entsegu batean. Parte-hartzaileek 12 asteko programa konbinatu bat osatu dute, ariketa aerobikoa eta indar-lana uztartuz.

Emaitza klinikoak eta aurrerapen zientifikoak

Proiektuak erakutsi du posible dela ariketa fisikoaren preskripzio pertsonalizatua, monitorizazio digitala eta ezagutza biomedikoa uztartzea, bihotz-gutxiegitasuna duten pazienteen osasun-emaitzak hobetzeko. “SENSORFIT-4HEART proiektuak bihotz-gutxiegitasunaren ikuspegi kliniko berri baterako ateak irekitzen ditu. Datuetan oinarritutako ariketa-preskripzio pertsonalizatua, ezagutza biomedikoa eta teknologia uztartzen ditu, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko”, ondorioztatu du Mikel Izquierdok.

Emaitza horiek zuzen-zuzenean onuragarriak izan daitezke bai pazienteentzat bai osasun-profesionalentzat; izan ere, gaur egun ebidentzia gehiago eta ariketa modu seguru eta eraginkorrean preskribatzeko tresna berriak dituzte eskuragarri. Gainera, proiektuak Nafarroako osasunaren eta teknologiaren ekosistema indartzen du, eta etorkizunean bihotz-errehabilitazioko programetan ezartzeko oinarriak ezartzen ditu. Epe ertainera, mota honetako irtenbideek ospitaleratzeak murrizten, bizi-kalitatea hobetzen eta osasun-sistemaren baliabideak optimizatzen lagun dezakete.

SENSORFIT-4HEART proiektuarekin, Nafarroak medikuntza pertsonalizatuaren aldeko apustua sendotzen du; eredu horretan, teknologian eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako ariketa fisikoa funtsezko esku-hartze gisa sendotzen da.

Irudiak
SENSORFIT-4HEART proiektua osatzen duen partzuergoa.
Deskargatu Flecha que indica descarga
Mikel Izquierdo, SENSORFIT-4HEART proiektuko ikertzaile nagusia, Navarrabiomedeko Ariketa Fisikoa, Osasuna, Metabolismoa eta Gaitasun Funtzionala Unitateko arduraduna eta NUPeko katedraduna.
Deskargatu Flecha que indica descarga
SENSORFIT-4HEART proiektuaren itxiera-bilera, Nafarroako Gobernuko Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko ordezkariekin.
Deskargatu Flecha que indica descarga
SENSORFIT-4HEART: ICFEP duten pazienteentzako tratamendu pertsonalizaturantz aurrera egiteko
SENSORFIT-4HEART: ICFEP duten pazienteentzako tratamendu pertsonalizaturantz aurrera egiteko
Mikel
Izquierdo Redín
Ikerlari nagusia