NOG eta Navarrabiomed estatuko entsegu kliniko multizentrikoaren buru dira, eta kolon eta ondesteko polipoak erauztetik eratorritako odol-galera saihesteko prebentzio-teknika aztertzen du

Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

NOG eta Navarrabiomed estatuko entsegu kliniko multizentrikoaren buru dira, eta kolon eta ondesteko polipoak erauztetik eratorritako odol-galera saihesteko prebentzio-teknika aztertzen du

  • Emaitzak Gastroenterologyn zabaldu dituzte, Digestiboko espezialitatearen nazioarteko aldizkari nagusian.

Nafarroako Ospitale Guneko Digestio Zerbitzua estatuko entsegu kliniko multizentrikoaren buru izan da; entsegu horren  bitartez, kolon eta ondesteko polipo handiak erauztean ebakuntza ondoren gerta daitekeen odol-galera saihestu nahi da, operatutako gaixoen %3 eta %10 artekoek izaten duten konplikazio serio nagusia baita. Entsegua garatzeko lankidetza estuan aritu dira Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko Entsegu Klinikoaren Plataformarekin eta Metodologia Unitatearekin. 

Azterketa horri esker ikusi da eraginkorra dela era horretako gaixoengan itxigailu profilatiko bat (klip hemostatikoak) jartzea prebentzio gisa, odol-galerarekin loturiko konplikazioak prebenitze aldera. Ebakuntza egindako gaixoen %57ari dagokionean, lesioak erabat ixtea lortu zen, partzialki itxi ziren %28ren kasuan, eta itxiera okerra egin zen %15eko kasuetan. Odol-galeraren tasa kontrol-taldean %12,1ekoa izan zen tratamendu-taldearen %5aren aurrean. Erabat ixtea lortutako gaixoengan tasa hori nabarmen jaitsi zen (%1,5).

Aurkikuntza horiek Gastroenterologyn zabaldu dituzte; hots, espezialitatean inpaktu gehien duen aldizkarian, eta Navarrabiomed-NOG eta IdisNaren produkzio zientifikoaren parte dira. Halaber, ahozko hainbat komunikaziotan ezagutzera eman dira emaitzak: Endoskopia Digestiboaren Espainiar Sozietatearen 2018ko Biltzar Nazionala (SEED), Endoskopiaren Europako Sozietatearen 2019ko Biltzarra (ESGE days) eta Patologia Digestiboaren Espainiar Sozietatearen 2019ko Biltzarra (SEPD- SED); azken horretan, Endoskopia Digestibo arloaren  ahozko komunikazio onenaren saria eskuratu zuen.

Orain arteko azterketek ez zuten adostasun zientifikorik edo ebidentzia argirik erakusten teknika horrek tamaina handiko polipoetan eta eskuin zein ezkerreko kolonean kokatutakoetan zuen inpaktuaren gainean. Probatutako teknika aitzindaria da, eta badirudi aldaketa ekarriko duela gaixoekin lan egiteko modura.

Eduardo Albéniz doktoreak, Digestio Zerbitzuko espezialistak eta Navarrabiomed-eko Endoskopia Digestiboaren Unitateko ikertzaile nagusiak, azterketa koordinatu du, eta bertan odol-galera geroratuaren arriskuko polipoak zituzten 235 gaixok hartu dute parte; hau da, ebakuntza ondorengo 15 egunera bitarteko odol-galera dutenek. Azterketaren berri nagusia da gaixoak artatzeko puntuazio-sistema bat erabili dela, odoljario geroratuaren arriskua gaixo bakoitzean aurreikusten duen sistema, eta, horrela, arrisku ertaina edo altua duten gaixoak hautatu dituzte. 

Lankidetza multizentrikoa

NOGez gain, beste 12 ospitale-zentrok parte hartu dute entseguan, eta zentro horiek 235 gaixo bildu zituzten 2016ko maiatzetik 2018ko abendura bitartean. Tartean, honako hauek aurkitzen dira: Mar Ospitalea, Hospital Universitari Mútua Terrassa, Gregorio Marañon Ospitalea, Santa Creu i Sant Pau Ospitalea, Juan Canalejo Ospitalea, Virgen Macarena Unibertsitate Ospitalea, Puerta de Hierro Unibertsitate Ospitalea, La Fe Unibertsitate Ospitalea, Ciudad Realeko Ospitale Orokorra, HM Montepríncipe Unibertsitate Ospitalea, Gastroenterologia Integraleko Klinika eta Logroñoko San Pedro Ospitalea. 

Entsegua Endoskopia Digestiboaren Espainiako Sozietatearen eta ST. Endoscopia (SureClip de Micro-Tech Endoscopy®, Nanjing, Txina) etxearen lankidetzarekin burutu da. Era berean, digestiboaren espezialitatean ikerketa sustatzeko Albeniz doktoreak garatzen dituen ikerketa-proiektuak "La Caixa" Banku Fundazioaren eta Nafarroako Kutxa Banku Fundazioaren areagotze-laguntzari esker egiten dira. 

Hurrengo ikerketak 

Taldea, egun, hainbat ikerketa osagarri abian jartzen aurkitzen da. “Entsegua medio, kostua-eraginkortasuna azterketa hasi dugu, neurri hori gaixoen zein azpitaldetan argi eta garbi adierazita dagoen jakiteko, eta, horrela, teknika eta eratorritako protokolo klinikoak NOGeko Digestiboaren Zerbitzuan ezarri ahal izateko”, azaldu du. 

Horrez gain, NOGeko eta Navarrabiomed-eko profesionalak beste bi azterketa aztertzen ari dira: bata ezkerreko kolonean polipoak dituzten gaixoentzat soilik (alde horretan odola galtzeko arrisku gutxiago izaten da eta ebidentziak ere eskasak dira gaur arte), eta bestea koagulazioaren aurkako botikekin tratamenduan daudenentzat bereziki. 

Irudiak
José Manuel Zozaya (CHN), Berta Ibáñez (Navarrabiomed), Eduardo Albéniz (Navarrabiomed-CHN), Mónica Enguita (Navarrabiomed) eta Ferran Capdevila (CHN).
Deskargatu Flecha que indica descarga