Navarrabiomedek osasunaren ikerketan eta berrikuntzan herritarren ahotsa nola txertatu hausnartzeko topagunea sustatu du

Navarrabiomedek osasunaren ikerketan eta berrikuntzan herritarren ahotsa nola txertatu hausnartzeko topagunea sustatu du
Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

Navarrabiomedek osasunaren ikerketan eta berrikuntzan herritarren ahotsa nola txertatu hausnartzeko topagunea sustatu du

  • Ana Ollo lehendakariorde eta kontseilariak inauguratu du ikertzaileak, osasun arloko profesionalak, hezkuntzako ordezkariak, administrazio publikoko langileak, elkarteak eta herritarrak bildu dituen jardunaldia. Bertan, haurrek eta nerabeek osasun-ekimenen diseinuan parte hartzeko bide berriak aztertu dira.

     

Navarrabiomed ikerketa biomedikoko zentroak astearte honetan “Herritarrekin ikertu, osasuna eraldatu” jardunaldia egin du. Topaketaren helburua izan da osasunaren ikerketa- eta berrikuntza-prozesuetan herritarren parte-hartzea nola indartu hausnartzea, eta gizartearen beharretara hobeto egokitutako eredu irekiago, kolaboratiboago eta parte-hartzaileagoetan aurrera egitea.

Saioa Europar Batasunak gero eta parte-hartzaileagoa, irekiagoa eta herritarrengandik hurbilagoa den zientziaren alde egindako apustuaren baitan kokatzen da. Helburu horrekin, jardunaldiak herritarren zientziari eta Europako esperientziei buruzko hitzaldi bat eta sorkuntza partekatuko tailer praktiko bat uztartu ditu. Bertan, arlo ezberdinetako pertsonek elkarrekin lan egin dute erronka komun bati erantzunak bilatzeko.

Jardunaldia Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari eta bigarren lehendakariordeak inauguratu du. Bere hitzaldian nabarmendu du ikerketa-ereduek herritarren parte-hartzea proiektuen hasierako faseetatik bertatik txertatzearen garrantzia, horrela biztanleriaren benetako beharretara egokitutako irtenbide esanguratsuagoak sortzen laguntzeko.

"Europak ikerketa irekiago eta parte-hartzaileago baterantz aurrera egitera bultzatzen gaitu, herritarrek erronkak identifikatzen eta irtenbideak eraikitzen lagun dezaten. Herritarren parte-hartzea jada ez da ikerketaren osagarri hutsa; osagai estrategikoa da, egiten ditugun galderen garrantzia, diseinatzen ditugun proiektuen kalitatea eta lortzen ditugun emaitzen eragina hobetzen dituena. Herritarren zientziak, ikerketa parte-hartzaileak eta sorkuntza partekatuko prozesuek irtenbide erabilgarriagoak, inklusiboagoak eta pertsonen benetako beharretara konektatuagoak eraikitzea ahalbidetzen dute", adierazi du Ana Ollok.

Era berean, Ollok Nafarroak zientzia irekiago, inklusiboago eta gizarte-eraginera bideratuago baten alde duen konpromisoa azpimarratu du.

Osasun-arloko ikerketa parte-hartzaileago baterako gaitasunak

Jardunaldia Navarrabiomedek herritarren parte-hartzearen arloan dituen gaitasunak indartzeko bultzatzen duen ekimen zabalago baten parte da. Urrian zehar, zentroko profesionalek metodologia parte-hartzaileei eta sorkuntza partekatuari buruzko prestakuntza-prozesu espezifiko batean parte hartu dute, tresna horiek etorkizuneko osasun-arloko ikerketa- eta berrikuntza-proiektuen diseinuan eta garapenean txertatzeko helburuarekin.

Jarduera hau Navarrabiomedek sustatutako eta Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak finantzatutako “Osasun publikoa: ikertu eta hobetu Europarekin” zikloaren bosgarren edizioaren barruan kokatzen da. Finantzaketa hori Europar Batasunaren 2026ko politika eta estrategiak zabaltzeko laguntzen deialdiaren bidez gauzatzen da. Ekimenaren helburua da ikerketa eta berrikuntzaren arloko Europako lehentasunak Nafarroako osasun-sektoreko eragile nagusiengana hurbiltzea eta zientziaren eta gizartearen arteko lankidetza-modu berriak sustatzea.

Lan horri esker, Navarrabiomedek indartu egin ditu herritarren zientzia, ikerketa arduratsua eta ikerketaren gizarte-eragina bezalako arloetan Europako lehentasunekin lerrokatuago dauden eta parte-hartze handiagoa sustatzen duten proiektuak garatzeko gaitasunak.

Jardunaldian, halaber, Agostina Bianchi, Science for Change erakundeko Osasun Arloko arduradunak parte hartu du. Hark eman du “Parte hartu osasuna eraldatzeko: Europak herritarren zientziaren alde egindako apustua” hitzaldia. IMPETUS Europako proiektuaren esperientzian oinarrituta, ekimen horrek Europan herritarren zientzia sustatzen eta indartzen nola lagundu duen azaldu du, finantzaketaren, laguntzaren eta ekimen parte-hartzaileen aitortzaren bidez. Era berean, proiektuaren emaitza eta eragin nagusiak partekatu ditu, bereziki osasunaren eta ongizatearen arloan garatutako esperientzietan arreta jarriz, eta herritarren zientzia Europako ikerketa eta berrikuntzaren etorkizunean sendotzeko erronkei eta aukerei buruz hausnartu du.

Erronka partekatua: haurren eta nerabeen ahotsa osasun-proiektuen diseinuan txertatzea

Jardunaldiaren ardatz nagusia sorkuntza partekatuko tailer bat izan da, galdera zehatz baten inguruan antolatua: nola lortu haurrek eta nerabeek gehiago eta hobeto parte hartzea beren osasuna eta ongizatea hobetzen lagunduko duten proiektuen diseinuan eta beharren identifikazioan.

Dinamika parte-hartzaileen bidez, ikerketa, osasuna, hezkuntza, administrazio publikoa, gizarte-erakundeak eta herritarrak ordezkatzen zituzten pertsonek esperientziak partekatu dituzte, oztopoak identifikatu dituzte eta haurren eta nerabeen parte-hartzea osasunaren ikerketa- eta berrikuntza-prozesuetan indartzeko proposamenak sortu dituzte.

Tailerrean landutako gaien artean nabarmendu dira garapen-etapa bakoitzera egokitutako parte-hartze espazioak sortzeko beharra, metodologia berritzaile eta irisgarriak erabiltzea, egindako ekarpenen eraginari buruzko itzulketa bermatzea eta ikastetxeen, osasun-sistemaren, administrazio publikoen, gizarte-erakundeen eta ikerketa-komunitatearen arteko lankidetza sendotzea.

Jardunaldiak berrogei parte-hartzaile inguru bildu ditu, bai izena emandako pertsonak bai metodologia parte-hartzaileetan aurretik prestakuntza jaso duten profesionalak. Horri esker, profil eta ikuspegi osagarriak dituzten eragileen artean ezagutzak, esperientziak eta etorkizuneko lankidetza-aukerak partekatzeko gunea sortu da.

Irudiak
Ana Ollo, vicepresidenta segunda y consejera de Memoria y Convivencia, Acción Exterior y Euskera del Gobierno de Navarra, durante la apertura del acto.
Deskargatu Flecha que indica descarga
Osasun-proiektuen diseinuan haurren eta nerabeen ahotsa txertatzeari buruzko sorkuntza partekatuko tailerra.
Deskargatu Flecha que indica descarga
Sorkuntza partekatuko mahaietako batean izandako parte-hartzea.
Deskargatu Flecha que indica descarga