Navarrabiomed ehun urteko pertsonen bila dabil bizitza luzeari buruzko ikerketa bat egiteko

Carmen primera participante BIOANCIENT
Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

Navarrabiomed ehun urteko pertsonen bila dabil bizitza luzeari buruzko ikerketa bat egiteko

  • BIOANCIENT proiektuak bere lehen partaidea gehitu du, Carmen 100 urtekoa, eta 1928 baino lehen jaiotako pertsonekin bilatzen jarraitzen du

Abian da BIOANCIENT, Navarrabiomed buru duen eta Nafarroako Gobernuak 2025-2028ko I+G proiektu estrategikoak egiteko laguntzen bidez finantzatutako proiektua. Ekimenaren helburua da bizitza-luzerari buruzko ezagutzan aurrera egitea eta 1928a baino lehen jaiotako pertsonak ikertzea, prebentzio-estrategia berriak eta diagnostiko-metodo berritzaileak garatzeko. Carmenek 100 urte ditu, eta ikerketaren lehen parte-hartzailea da. Haren inplikazioak ikerketa-lanaren hasiera markatzen du.

Ikerketak parte-hartzaileak biltzen jarraitzen du. Horretarako, 1928a baino lehen jaiotakoak eta Nafarroan bizi diren pertsonak bilatzen dira, biziraupenari eta zahartze osasungarriari buruzko zientziaren aurrerapenean lagundu nahi dutenak; izan ere, parte-hartze bakoitzak informazio baliotsua ematen du, etorkizuneko aurrerapen diagnostiko eta terapeutikoak bultzatzeko balioko duena. Interesa duten pertsonek edo haien senideek bioancient@navarra.es helbidera mezu elektronikoa bidali dezakete, edo horretarako gaitutako inprimakiaren bidez izena eman.

BIOANCIENT proiektuak zahartze biologikoa aztertzen du, adin aurreratuetan bizi-itxaropenean eta bizi-kalitatean zer faktorek —genetikoek, epigenetikoek eta ingurumenekoek— eragiten duten ulertzeko helburuarekin. Ildo horretan, BIOANCIENTek tratamendu espezifikoak identifikatzea du xede, prebentzio-estrategia indibidualizatuak garatzeko, zahartzea atzeratzeko eta hari lotutako gaixotasun kronikoak prebenitzeko; eta, era berean, diagnostiko-metodo berritzaileak diseinatzea, hainbat patologiaren detekzio azkarra eta goiztiarra errazteko, paziente bakoitzaren esku-hartze klinikoa pertsonalizatuz.
Erronka horri aurre egiteko, proiektuak 1,7 milioi euroko aurrekontu osoa du, eta arlo biomedikoan diharduten bost erakunderen arteko partzuergoa: Navarrabiomed–Miguel Servet Fundazioa, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, CIMA Nafarroako Unibertsitatea eta ADItech; eta lau enpresa: insAIght, NUCAPS Technologies, Tairel Data eta TDN traumatologia eta errehabilitazio aurreratuko klinika. Guztira, 70 profesional inguruk parte hartzen dute, bai arlo asistentzialean bai ikerketan, besteak beste neurozientzietan, geriatrían, omika-teknologietan, datuen prozesamenduan, adimen artifizialean eta nanoteknologiako garapenetan adituak.

Carmen, ikerketako lehen mendeurrenduna

Carmenen etxeak, Iruñeko Zabalgunean bertan, bizitza luze batek markatutako etxeen lasaitasuna transmititzen du. Han, bere butakarik gustukoenean eserita, BIOANCIENT proiektuko lehen parte-hartzailea dago. Carmenek 100 urte ditu, nahiz eta sinestea kosta egiten den. Bere ahotsak “sendotasun harrigarria” gordetzen du, eta bere begiek, “bizi-biziekin”, denboraren igarotzea gezurtatzen dute. “Ai, nire mutilak” edo “ze jatorrak”, esaten du, sekula bere buruari garrantzi handirik eman ez dionaren naturaltasunarekin.

Ez da erraza 100 urteko bizitza laburtzea. Palentzian jaio zen, baina laster Iruñera etorri zen gurasoekin. Bere belaunaldiko emakume gutxietako bat izan zen kanpoan ikasi zuena: Zaragozan eta Madrilen ibili zen, oraindik emakume batek hori egitea ohikoa ez zenean. Gogoratzen ditu Gazteluko Plazan lagun talde batekin egindako paseoak; talde hari “sorginak” deitzen zioten, barrez eta konfiantzaz beterik. Paseo horietako batean ezagutu zuen Miguel, bere senarra; harekin bizi izan zuen, haren hitzetan, “oso maitemindutako ezkontza bat”. Gaur egun ere, hura gogoratzean, hunkitu egiten da.

Familia izan da bere bizitzaren ardatza: 13 seme-alaba, 55 biloba eta 101 birbiloba, azkena duela egun gutxi jaioa. Hamahiru seme-alaba nola zaintzen diren galdetzen zaionean, modu sinplean erantzuten du: “Bakoitzari behar duena eman behar zaio, indartu”, dio. Eta haren heziketa gidatu duen filosofia honela laburbiltzen du: “Guztiei mahukadun tunikak egin nizkien”.

Adinaren berezko ajeak lasaitasunez onartzen ditu. Disfagiarekin bizi da, eta horrek pureak hartzera behartzen du; “birrindu gabeko janaria baino gutxiago gozoak dira”, onartzen du. Andadorearekin ibiltzen da, nahiz eta oraindik kexu agertzen den semeak etxean gehiago erabiltzeko eskatzen dionean. Bere zaletasun nagusia irakurketa izaten jarraitzen du: eleberriak, entseguak eta, azken urteetan, Aita Santuen biografiak. Tableta eta mugikorra “pazientziaz” erabiltzen ditu, batez ere munduan zehar sakabanatutako familiaren argazkiak ikusteko eta mezuak entzuteko, baina baita podcasten bat jarraitzeko ere.

Beste ehun urte bizi nahiko lituzkeen galdetzen zaionean, hausnartu egiten du: “Egunero argitzen den egun bakoitza opari bat da. Baina nire seme-alabarik gabe… ez”; ez luke gustuko bizitzea seme-alabak ondoan ez lituzkeen mundu batean. Bere familiari buruz hitz egiten duen eskuzabaltasun berarekin, BIOANCIENT proiektuan parte hartzea onartu du Carmenek. Ikerketan laguntzeko, elkarrizketak erantzun ditu, probak egin dizkiote eta lagin biologikoak eman ditu; horiek guztiek biziraupenari buruzko ikerketan aurrera egitea ahalbidetuko dute.


Argazkia: ©Pablo García Esparza BIOANCIENT/Navarrabiomedentzat. Carmen, BIOANCIENT ikerketako lehen parte-hartzailea, Chenhui Chen doktorearekin, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko (NOU) geriatra eta BIOANCIENT proiektuaren ko-IPa Navarrabiomeden.

Irudiak
Carmen, primera participante del estudio BIOANCIENT
Deskargatu Flecha que indica descarga