AECC Nafarroak David Escors doktorearen ikerketa-proiektu bat osoki finantzatuko du hurrengo hiru urteetan
Francisco Arasanz Nafarroako AECC Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen zuzendariak onkologia saileko ikerketa-proiektu baten garapenera bideratutako laguntza eman zion atzo Navarrabiomed-eko Inmuno-Modulazio Taldeko arduradun den David Escors doktoreari. Datozen hiru urteetan AECC Nafarroak Navarrabiomed-en egitasmoaren %100a finantzatuko du Nafarroako gizartearen sostengua bideratuz eta minbiziaren aurkako borrokan elkartearen estrategia sendoa izanez.
Beste alde batetik, AECC Nafarroa-k Luis Montuenga Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Aplikatuko Ikerketa Zentroko doktoreak 2014an hasitako ikerketaren jarraipena berretsi zuen laguntza bi urtez luzatuz.
Navarrabiomed-en proiektua finantzatua
Immunoterapia tratamenduek aurrekaririk gabeko eraginkortasun klinikoak erakusten dituzte minbizi ugaritan. Hala ere, oraindik ez dira eraginkorrak paziente askorentzat eta eraginkortasun falta horren arrazoiak oraindik ez daude oso argi.
Azken lau urteotan, David Escors doktorearen taldeak sistema immunitarioaren zahartzearen ondoriozko tratamenduen garapenean lagundu du. AECC -k finantzatutako proiektuari esker, defentsen zahartzea berreskuratzen duten botikak immunoterapia tratamendu berriekin uztartuz minbiziaren aurka eraginkorrak ote diren aztertuko dute. Ikerketa proiektuan sortutako datuekin, paziente bakoitzarentzat tratamendu espezifiko eraginkorrenak iragartzea edo iradokitzea ahalbidetuko duten odol analisi xumeak garatzen saiatuko dira.
Konpromiso egonkorra ikerketarekin
Aurten, AECC-k 12 milioi euro esleitu dizkio 140 proiekturi eta beraz, 2011tik aurrera 40 milioi euroko inbertsioa egin du 50 ikerketa-zentro baino gehiagotako 250 proiektu baino gehiagotan parte hartuz.
Elkarteak minbiziaren fase bakoitza eta ez-ohiko tumoreak ikertzera, ikerketa translazionala bultzatzeko talde koordinatuetara, haur-minbiziari buruzko proiektu espezifikoetara eta doktoretza ondoko beketara zuzentzen ditu funtsak. Gaur egun, 100 ikertzaile inguru daude lanean AECC-en finantzaketari esker.