APTITUDE europar sareak profesionalendako jardunaldi zientifikoa eta herritar guztiendako tailerrak antolatuko ditu zahartze aktiboari buruz

Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

APTITUDE europar sareak profesionalendako jardunaldi zientifikoa eta herritar guztiendako tailerrak antolatuko ditu zahartze aktiboari buruz

“Pirinioez haraindi adinekoen mendekotasuna prebenitzeko jardutea” (APTITUDE) europar sarea Iruñean bilduko da asteazken honetan, uztailak 3, zahartze aktibo eta ahultasunari buruzko jardunaldi zientifikoa egiteko, 200dik gora adituren parte-hartzeaz. Topaketa profesionala Iruñeko Tres Reyes Hotelean eginen da goizez, 8:15etatik aurrera. Aldi berean, Aduanako Txokoan eta Arazuri Doktorearen Pasealekuan, herritar guztiei irekitako dibulgaziozko tailerrak antolatuko dira Nafarroako Gurutze Gorriarekin batera 10etatik aurrera.

Bi ekitaldiak gaur goizean aurkeztu dira Navarrabiomed ikerketa biomedikoko zentroan, izan ere, entitate hau da Nafarroako sarearen buru, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, Nafarroako Ospitalegunearen eta Nafarroako Gurutze Gorriaren lankidetzaz. Prentsaurrekoan izan dira, sarea Foru Komunitatean koordinatzen duen Nicolás Martínez Velilla, Navarrabiomedeko ikertzaile eta NOGeko Geriatria Zerbitzuko burua; Juan José San Martín Baquedano, Gurutze Gorriaren Nafarroako koordinatzailea, eta Jorge Marín Vidondo, Navarrabiomedeko proiektuen kudeatzailea.

Nicolás Martínez Velillak adierazi duenez, topaketa zientifiko hau da sareak antolaturiko hirugarren bilkura, eta Iruñean egiten den lehendabizikoa, eta bertan Okzitania (Frantzia), Katalunia eta Nafarroa (Espainia) eta Andorrako Printzerriko ospitate eta ikerketa-zentroen ordezkariek, Lehen Mailako Arretako profesionalek eta enpresetako, egoitzetako eta abarretako kideek parte hartzea aurreikusi da.

Hainbat saiotan, Osasunaren Munduko Erakundeak proposatutako “hirugarren adinaren berezko gaitasuna” aztertuko dute (gizabanako batek une jakin batean erabil ditzakeen gaitasun fisiko eta mentalen konbinazioa, baita gaitasun funtzionala ere, ingurunearekin harremanetan jarduteko duen modua zehazteko), baita abian jartzen ari diren behaketa bidezko ikerlanak eta protokoloak partekatzeko lanak ere. Ekitaldian, halaber, arreta berezia emanen zaio proiektuaren osagai anitzeko prestakuntza eskaintzaren aurkezpenari, profesional sanitarioei eta soziosanitarioei adineko pertsona ahulen arreta egokia egiteko gaitasuna errazteko, eta Lehen Mailako Arretari eta inplikatuta dauden bestelako entitateei ariketa fisiko egokiturako eguneroko errutinak, estimulazio kognitiboaren arloko esku-hartzeak, elikadura osasungarriaren aldeko jarraibideak, esku-hartze psikosozialak eta bestelakoak gomendatzeko gaitasuna emateko xedez.

Jardunaldiaren programaren barnean, Londresko King’s College deritzoneko erreferentziazko bi profesionalek parte hartuko dute: Norman Lazarus eta Stephen Harridge. Batak zein besteak esperientzia zabala dute ariketa fisikoan, zahartzearen aurkako jardunean eta gihar-narriaduran, ez bakarrik geriatriaren esparruan, baita sektore aeroespazialean ere, NASArentzat lan egin baitute.

Herritar guztiei irekitako tailerrak

Asteazken goizean, 10:00etatik 14:00etara bitartea, herritar guztiei irekitako jarduerak ere antolatuko dira Aduanako Txokoan eta Arazuri Doktorearen Pasealekuan. “Tailerrak: Adineko aktibo eta osasuntsuak” deritzenak 65 urtetik gorako adinekoei zuzenduta daude nagusiki, baina interesgarriak izan daitezke zaintzaile, senitarteko, boluntario eta abarendako. Jarduera doakoa da, eta ez da beharrezko aldez aurretik izena ematea.

Goiz osoan, APTITUDEren karpak ere bisitatzen ahalko dira, eta horietan, Gurutze Gorriak hirugarren adinekoendako balorazio funtzionala, estimulazio kognitiboa eta aisialdi egokituari buruzko jarduerak eskainiko ditu. Gainera, laguntzarako produktu eta ohitura osasungarriei buruzko informazioa eman eta ariketa fisikoko errutinei buruzko material osagarria banatuko da.

Zahartzea eta narriadura funtzionala

INEren 2018ko azken datu erabilgarriei buruz, Nafarroan 647.219 pertsona bizi dira, eta horietarik % 19,5ek 65 urte baino gehiago ditu. Kopuru horien arabera, Foru Komunitateak Europa osoko bizi-itxaropenik handienetakoa du, 86,6 urtekoa emakumeengan eta 81 urtekoa gizonengan. Hala ere, bizitzako urte guztiek ez dute bizi-kalitate berbera. Emakumeek bizitza luzegoa dute, baita mendekotasun handiagoa ere, 65 urtetik aurrera.

Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, hauexek dira hirugarren adineko desgaitasun arin edo moderatuaren kausa nagusiak: zentzumen-narriadura, bizkarreko eta lepoko mina, BGBK, depresiozko asaldura, erorikoak, mellitus diabetesa, dementziak eta osteoartritisak. Horrekin batera nabarmendu behar da adinekoen erdiak baino gehiagok multimorbilitatea (zenbait eritasun aldi berean) eta polifarmazia (hiru edo bost farmako hartzea aldi berean) dituztela.

APTITUDE gisako ekimemek paradigma aldaketa proposatzen dute adinekoen osasunari buruzko abordatzean. Profesionalen egungo erronka da gizabanakoaren gaitasun funtzionalari eta hau mantentzeko ahaleginari arreta ematea, eritasunari soilik erreparatu beharrean. Horren harira, APTITUDE sareak ohitura osasungarriak, ariketa fisikoa eta belaunaldien arteko aisia-proposamen egokituak zabaltzen ditu herrietan nahiz hirietan, bakardadeari eta landa eremuko despopulazioari aurre egiteko eta zahartzaroari atxikitako estereotipoak gainditzeko.

APTITUDEri buruzko informazio gehiago

APTITUDE 2018an abiatu zen, eta hiru urtetan mugaz haraindiko lankidetza-sareak lau eskualdetan lan egin du (Okzitania, Katalunia, Nafarroa eta Andorrako Printzerria) tokian tokiko sare propioen bitartez, eta horretarako 2.000.000 euroko guztizko aurrekontua du.

Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzarako Programa Eragilearen bidez (POCTEFA 2014-2020) % 65ean batera finantzatutako proiektu bat da APTITUDE (horren barruan APTITUDE Nafarroa). POCTEFAk Espainia-Frantzia-Andorra mugaldean integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea du xede, alegia, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arloetan baterako estrategiak eta mugaz gaindiko jarduerak garatzea lurraldeko garapen iraunkorraren onerako.

Sareko bazkideak:

Gérontopôle - Centre Hospitalier Universitaire (CHU) de Toulouse
Fundació Salut i Envelliment - Universitat Autònoma de Barcelona (UAB)
Servei Andorrà d’Atenció Sanitària
Complejo Hospitalario de Navarra (CHN) - Navarrabiomed

Informazio gehiago: www.aptitude-net.com

 

Argazkia: Ezkerretik eskuinera, Navarrabiomed-eko Jorge Marín, Nafarroako Ospitale Guneko-Navarrabiomed-eko Nicolás Martínez eta Nafarroako Gurutze Gorriko Juan José San Martín.

Irudiak
Jorge Marín, Nicolás Martínez eta Juanjo San Martín.
Deskargatu Flecha que indica descarga
Prentsaurrekoa.
Deskargatu Flecha que indica descarga
Prentsaurrekoa.
Deskargatu Flecha que indica descarga