NOG, NUP eta Navarrabiomed Europako sare bat sortzen laguntzen ari dira, hirugarren adinekoen mendekotasuna prebenitu eta zahartze aktiboa sustatzeko
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP), Nafarroako Ospitale Guneko (NOG) eta Navarrabiomed zentroko profesionalak Europako sare bat sortzen laguntzen ari dira, hirugarren adinekoen mendekotasuna prebenitu eta zahartze aktiboa sustatzeko. “Pirinioez haraindi adinekoen mendekotasuna prebenitzeko jardutea" (APTITUDE) izena du proiektuak, eta Frantziako, Espainiako (Nafarroa eta Katalunia) eta Andorrako ospitale-eta ikerketa-zentroek parte hartu dute bertan, zahartze aktiboaren esparruan lankidetzarako sare bat martxan jartzeko helburuarekin. Gaurko prentsaurrekoan jakinarazi dute Nafarroaren esku-hartzea Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioan zentralizatuko dela, proiektua koordinatzen eta kudeatzen duen erakundea.
Mugaz gaindiko sareak hiru urtez tokiko sareak garatuko ditu inplikatutako lau eremu geografikoetan, eta, horretarako, 2.000.000 euroko aurrekontua du (funtsen erdiak Espainiarako dira, eta 400.000 hain zuzen, Nafarroarako). Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) batera finantzatu du proiektua, % 65ean, Interreg V-A España programaren bitartez.
Sareak prestakuntza- eta sentsibilizazio-jarduerak eta ebidentzia zientifikoak ezartzearen bidez hirugarren adinekoen bizi-kalitatea hobetzea du xede, eta haien artean osasun-ohitura espezifikoak sustatzea eta beren funtzionaltasun- eta autonomia-galerak optimizatzea. Horrela azaldu du Antonio Merino Díaz de Cerio NOGren zuzendari-gerenteak eta Nicolás Martínez Velilla Geriatria Zerbitzuko buru, Navarrabiomeden Geriatria Unitateko ikertzaile arduradun eta APTITUDE proiektuaren Nafarroako arduradunak. Nicolás Martínez Velillak jakinarazi du “sarearen xede nagusia adinekoen mendekotasuna prebenitzea dela, eta horretarako, haien ahultasunaren gainean jardun behar dela”.
Bestalde, Antonio Merinok esan du mota honetako Europako ekimenetan parte hartzea oso garrantzitsua dela, lankidetza-eremu batean protokoloak, praktika onak eta prozedurak partekatzen direlako inplikatutako zentro guztien —eta, orokorrean, gizartearen— mesederako.
APTITUDEren jarduera zehatzak Nafarroan
Álvaro Casas Herrero NOGren geriatra eta Espainiako Medikuntza Geriatrikoko Elkartearen lehendakariak eta Maite Soria Sarnago NOGren erizaintzako zuzendariak ezagutzera eman dute zer jarduera dauden aurreikusita gure erkidegoan, datozen hilabeteetarako.
Sarea jendaurrean aurkezteko helburuarekin, bihar, asteartea, azaroak 20, “Adineko aktiboak eta osasuntsuak. Hirugarren adinean ohitura osasungarriak garatzeko gakoak” izeneko informazio- jardunaldia egingo da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Fakultateko ekitaldi-aretoan, 16:00 eta 18:30 bitartean. Sarrera doakoa da, tokia bete arte, eta Navarrabiomeden youtubeko kanalean streaming bidez ikusi ahal izango da.
Sareko arduradunek biz-kalitatea areagotzeko ohitura eta praktika onak azalduko dituzte. Ekitaldian, Luis Sabalza Iriarte Club Atlético Osasuna futbol-taldeko lehendakariak parte hartuko du, eta Klubeko zuzendari gisa bizitako esperientzia eta ibilbidea kontatuko dizkigu 'Erretiroaz harago lan egitea" izenburua daraman hitzaldian.
Halaber, datozen hilabeteetan hiru ekintza estrategiko egingo dira Nafarroan. Lehenbizi, mugaz gaindiko erregistro komun bat egingo da ikerketa kliniko eta geroteknologikoaren garapenari buruz informatu eta/edo bat egin nahi duten 65 urtetik gorako pertsonekin.
Aldi berean, Ikerketa Klinikoko eta Berrikuntzako Ekipo Mugikorrak antolatuko dira, osasun-arloko diziplina anitzetako profesionalek praktika klinikoak eta ikerketak hiriguneetara eta landa-eremuetara eraman ditzaten, herritarren txertatze eta parte-hartze handiagoa bermatuz. Talde multiprofesionalak izango dira horiek (medikua, erizaina, fisioterapeuta eta terapeuta okupazionala).
Gainera, ahul dauden eta memoria-asaldurak dituzten pertsonen borondatezko datu-base bat egingo da, eta baterako ikerketa-proiektuak gauzatu ahal izango dira ikerketan parte hartzen duten zentro guztiekin.
Amaitzeko, proiektuaren partaideek Munduko Osasun Erakundea garatzen ari den kontzeptu berri bat, hots, “gaitasun intrintsekoa”, baliozkotzen lagunduko dute, adin handietan gaitasunen balorazio globala egiteko.
Zabaldutako azken ikerketak
Proiektuko jarduerak bat datoz taldeak duela gutxi Estatu Batuetako Mediku Elkartearen “Journal of the American Medical Association”(“JAMA Internal Medicine”) aldizkarian argitaratutako ikerketaren ondorioekin.
Mikel Izquierdo Redín Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedradun, Osasun Zientzien Saileko zuzendari eta Navarrabiomeden Ariketa Fisikoa eta Ahultasuna ikerketa-unitateko arduradunak azaldu du ospitaleratutako 75 urtetik gorako gaixoei ariketa fisikoko programa indibidualizatu bat egiteak ospitalizazioari lotutako gainbehera funtzionala leheneratzen duela, eta horrela egiaztatzen duela egindako ikerketak. Hiru urtez, NGOren Geriatria Zerbitzuan ospitaleratuta egon diren 370 pertsonek programa baliozkotzeko entseguetan parte hartu dute.
Aurkikuntza horiek ospitalizazio medikoko unitateetan paradigma berria planteatzen digute, alegia, pertsona baten egoera funtzionala zeinu klinikotzat hartu behar dugula ohiko ospitalizazioak modu negatiboan eragin badiezaioke (tradizioz, ohean atseden hartzea).
Aldi berean, lantaldeak DIABFRAIL LATAM Europako proiektuan parte hartzen du. Europako Batzordeak “Horizonte 2020” diru-laguntzen barruan finantzatutako proiektua da eta Latinoamerikan diabetesa eta ahultasuna duten eta izan dezakeen adinekoen oinarritzen da. Gaur egun, diabetesak 65 urtetik gorakoen % 40ari eragiten dio.
Ekimenak Kolonbian, Txilen, Mexikon, Perun eta Argentinan tratamendu-eredu berri bat zabaltzea du xede, barne hartzen dituena ariketa fisikoko programa, hezkuntza- eta nutrizio-programa eta gluzemia eta tentsio arteriala egokitzea diabetesa duten adinekoei, haien ahultasun-egoeragatik oso zaurgarriak diren horiei. Aurreikusita dago 2 motako diabetesarekin ahultasuna duten edo izan dezaketen 1.000 pertsona baino gehiagok parte hartzea.
Informazio gehiago APTITUDEri buruz
Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzarako Programa Eragilearen bidez (POCTEFA 2014-2020) % 65ean batera finantzatutako proiektu bat da APTITUDE (horren barruan APTITUDE Nafarroa). POCTEFAk Espainia-Frantzia-Andorra mugaldean integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea du xede, alegia, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arloetan baterako estrategiak eta mugaz gaindiko jarduerak garatzea lurraldeko garapen iraunkorraren onerako.
www.aptitude-net.com / aptitude@navarra.es