Tumore hiperprogresioaren fenomenoari buruzko azterketa, biriketako minbizi ez mikrozitikoan inmunoterapiaren tratamenduaren aurkako erantzun gisa
Hugo Arasanzek, Nafarroako Ospitale Guneko (NOG) onkologoak eta Navarrabiomed-eko Onkolnmunologia Unitateko doktoratu aurreko ikertzaileak, artikulu bat argitaratu berri du Cancers onkologiako nazioarteko aldizkarian. Artikuluan, biriketako minbizi ez mikrozitiko metastasikoa duten gaixoengan PDL1/PD1 aurkako inmunoterapiarekin tratatuta egindako azterketaren emaitzak azaltzen ditu. Azterketa bi zentroren artean garatu dute, eta Minbiziaren Kontrako Espainiako Elkartearen (AECC) laguntzari esker egin ahal izan dute.
Azterketan helburu nagusia hiperprogresioa aztertzea izan da; hau da, inmunoterapiaren ondorioz tumorea hazteko abiaduraren ustezko bizkortzea, tratamendu horiek jasotzen dituzten biriketako minbizidun gaixoen %15a inguruk izan dezaketena, eta biziraupen txikiagoarekin lotzen dena. Ikerketari esker, fenomeno hori, inmunoterapiaren lehen dosia eman ondoren, odol periferikoan gertatzen den T CD4 linfozitoen azpitaldearen bat-bateko igoerarekin lotu ahal izan da; beraz, goiz detektatzeko aukera eman dezake, prebenitzeko atea irekitzearekin batera.
Mundu-mailan arlo horretan egiten den lehen azterketa prospektiboa da, eta 2017 eta 2019 urte artean egin zuten Nafarroako osasun publikoaren sareko gaixoengan; gaixo horiek bigarren lerroan inmunoterapiarekin tratatzen ari ziren. Duela hilabete batzuetatik hona, inmunoterapia lehen lerroan ematen da (esklusiboki edo kimioterapiarekin konbinatuta), biriketako minbizia duten gaixoen tratamendua hobetze aldera.
Lanaren buru Hugo Arasanz izan da, eta Miren Zuazorekin batera egin dute; hau da, talde bereko doktoratu aurreko ikertzailea Navarrabiomed-en eta artikuluaren xedeko ikerketa-proiektuaren arduradun nagusia. Era berean, honako doktore hauen zuzendaritza izan dute: Grazyna Kochan, David Escors (OnkoInmunologia, Navarrabiomed) eta Ruth Vera (Onkologia Medikoaren Zerbitzua, NOG).