NUPek eta Osasunbideak ikus-entzunezko materiala prestatu dute 70 urtetik gorako pertsonen ariketa fisikoa sustatzeko

Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

NUPek eta Osasunbideak ikus-entzunezko materiala prestatu dute 70 urtetik gorako pertsonen ariketa fisikoa sustatzeko

  • Bideo bat ere gehituko da, osasun arloko profesionalek beren pazienteentzako ariketa egokienak agindu ahal izateko jarraipenak dituena 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Osasunbideko Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak zenbait bideo egin dituzte adineko pertsonen ariketa fisikoa sustatzeko. Materiala Mikel Izquierdo Redínek zuzendu du (NUPeko katedraduna eta Navarrabiomedeko Ariketa Fisikoa eta Bizi Kalitatea Taldearen arduraduna), eta Vivifrail programaren gomendioak jasotzen ditu; adineko pertsonen hauskortasunaren eta erorikoen prebentziorako nazioarteko erreferentea da programa hori.

Bideo hauek Nafarroako Osasun Departamentuaren Zahartze Aktiboa programaren barruan egin dira, eta Europar Batasunean Osasuna eta Bizi Kalitatea Sustatzeko Estrategiaren ildotik doaz. Oinarrizko Osasun Laguntzaren arloan, adinekoen osasuna eta zahartze osasungarria sustatzeko lan egiten da. Hori dela eta, oinarrizko osasun laguntzak eta NUPek ekimen horretan parte hartzea erabaki dute. Ekimen horren helburu nagusia adineko pertsonen ariketa fisikoa sustatzea da, eta osasun-profesionalei ariketa fisiko egokitua banaka agintzeko modua erraztea.

Egindako bideoetako bat Osasunbideko osasun profesionalei zuzenduta dago, eta ariketa banaka modu egokian agintzeko beharrezkoa den ebaluazio funtzionala nola egin azaltzen du.

Gainerako ikus-entzunezko materiala intentsitate desberdineko lau ariketa-programa edo -gurpiletan banatzen da, pertsonaren egoeraren arabera egin beharreko ariketaren intentsitatea murrizteko edo handitzeko. Zehazki, ariketa-gurpil bakoitza bideo bati dagokio, non argi azaltzen baita nola egin denbora errealean ariketa-programa bat. Bideoen sinpletasunari esker, adinekoek ariketa fisikoa egin dezakete bideoaren bisualizazioarekin batera, eta eguneroko errutinetan sar dezakete. Hainbat eremutan erabil daitezke: etxean, bizitegian, ospitalean edo okupazio-zentroetan…

Vivifrail proiektua

2017. urtean Europako Batzordeko adituen panel batek "jardunbide egoki" gisa hautatu zuen Vivifrail proiektua. Proiektu horrek indarra, oreka eta ibilketa batzen ditu 70 urtetik gorakoentzako entrenamendu-programa batean, ezer ez egitea baita hauskortasuna sortzen duen arrisku-faktore nagusia. "Posiblea da adinekoen desgaitasunari aurre egitea hauskortasunean eraginez, azken hau atzematen ahal delako eta haren aurka esku hartzen ahal delako", esan du Mikel Izquierdok.

Vivifrail proiektua Europan hasi zen garatzen, eta bi urtez (2014tik 2016ra) Europako bost herrialde aritu ziren elkarlanean (Alemania, Espainia, Frantzia, Italia eta Erresuma Batua), arestian aipatutako NUPeko ikertzaileak koordinatuta eta Europar Batasuneko Osasuna eta Bizi Kalitatea Sustatzeko Estrategiaren barnean. Gaur egun, Latinoamerikako bost herrialdetan ari dira ezartzen, EBko Horizon 2020 ikerketako eta berrikuntzako programari esker.

Entrenamendu-programa hori ezagutarazteko, ikertzaileek doako zenbait material argitaratu zituzten osasunaren arloko eta jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko profesionalei zuzenduak: hezkuntza gida bat, gailu mugikorretarako aplikazio bat (telefono adimentsuak eta tabletak), eta liburu elektroniko bat. Denak ere proiektuaren webgunean eskura daitezke. Gaur egun, Latinoamerikako bost herrialdetan ari dira ezartzen, EBko Horizon 2020 ikerketako eta berrikuntzako programari esker. Horrez gain, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) berriki argitaratu duen eta adinekoak modu integralean moldatzea xede duen gida kliniko berri batean jaso dute Vivifrail programa, adinekoen mugikortasuna hobetzea xede duen atalaren barnean.