NUPak NOU eta Navarrabiomeden laguntzarekin batera daukan COVID-19aren ondorioetan ariketa fisikoak duen eraginari buruzko ikerketa finantzatu du Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak

Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

NUPak NOU eta Navarrabiomeden laguntzarekin batera daukan COVID-19aren ondorioetan ariketa fisikoak duen eraginari buruzko ikerketa finantzatu du Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak

Nafarroako Unibertsitate Ospitalearekin lankidetzan egiten ari da proiektua, Ariketa Fisikoko, Osasuneko eta Bizi Kalitateko E-Fit taldearen laborategian (Navarrabiomed) 


Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren azken deialdian, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) finantzaketa jaso du ikerketa-proiektu bat egiteko, hain zuzen ere koronabirusak eragindako gaixotasuna igaro duten pertsonen artean osagai anitzeko ariketa fisikoko programa batek sistema immunean, profil inflamatorioan, forma fisikoan eta hautemandako sintoma iraunkorretan nolako eragina duen aztertzeko. Mikel Izquierdo Redín NUPeko Osasun Zientzietako katedradun eta Navarrabiomedeko Ariketa Fisikoko eta Bizi Kalitateko E-Fit taldeko arduraduna eta Robinson Ramírez-Vélez NUPeko irakaslea ari dira udaz geroztik proiektua gidatzen eta gainbegiratzen. Bertan, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko (NUO) Barne Medikuntzako Zerbitzuko Julio Oteiza Olaso eta Patricia Fanlo Mateo medikuek ere hartzen dute parte.

Ikerketa-taldeko kideek azaldu dutenez, hipotesi baten gainean ari dira lanean, hots, COVID-19aren infekzioa igaro duten pertsonengan hautemandako sintoma iraunkorrak murriztu daitezkeela sei asteko osagai anitzeko ariketa-programa bat aplikatuta. Tratamendu mediko estandarraren osagarria den ariketa-programa horrek “profil immunologikoa hobetzea ere bilatzen du, baita gaixotasun horretan izan ohi den prozesu inflamatorioa murriztea ere”, adierazi dute. Forma fisikoaren, gorputz osaeraren, funtzio baskularraren eta metabolismo orokorraren emaitzak ere aztertuko dituzte.

Entsegu klinikoaren xehetasunak

Entsegu klinikoa uda baino lehen hasi zen, eta, horretarako, 18 eta 60 urte bitarteko Iruñeko zenbait lagun ausaz hautatu zituzten. PCR edo serologia bidez SARS-CoV-2an positibo eman zuten eta ospitaleko alta jaso eta hilabete batzuetara sintoma hauetako batzuk agertzen zituzten pertsonak ziren denak: nekea, zefaleak, giharretako mina, arnasa hartzeko zailtasuna, antsietatea/estresa, insomnioa, umore aldaketak edota pisu aldaketa nabariak (hiru hilabetean zenbait kilo hartzea/galtzea). Entsegutik kanpo utzi zituzten aldez aurretik gaixotasun jakin batzuk sufritutako pertsonak (jokabide nahasmenduak, nahasmendu psikiatrikoak edo gaixotasun metabolikoak, esaterako). 

Ikerketan, bost bisita egiten dizkiete gaixoei: lehenbizikoan, balorazio medikoa egiten da; bigarrenean eta laugarrenean, interbentzio aurreko neurketak, eta, hirugarrenean eta bosgarrenean, berriz, interbentzio ondokoak, hura egin eta sei astera. Mikel Izquierdok eta Robinson Ramírez-Velezek adierazi dutenez, aztertu nahi dituzten pertsonen erdiak baino gehiago erreklutatu dituzte dagoeneko. Ikerketari buruzko pertzepzioa “oso positiboa” da, eta, are gehiago, “egokia da Espainiako egungo osasun sisteman ezartzeko”.

Ikerketak izan ditzakeen ondorio zientifikoak

Ikerketa-taldeak azaldu duenez, “COVID-19a gaixotasun berria denez, bilakaera klinikoaren parte handi batek ezezaguna izaten jarraitzen du, bereziki epe luzera nolako ondorioak izaten ahal dituen osasunean, halakorik balego”. Ildo horretan, “agerikoa da COVID-19tik bizirik atera diren pertsonek esfortzu txikiak eginda ere nekea eta disnea agertzen dituztela, baita artikulazioetako eta bularreko mina ere. Sintoma orokor horiez gain, organo jakin batzuen disfuntzioa ere detektatu dugu, batez ere bihotzarena, birikena eta garunarena”, adierazi dute.

Ikerketaren arduradunek azaldu dutenez, “duela gutxiko ebidentzia esperimentalek erakusten dute muskulu eskeletikoa gai dela gradu baxuko inflamazio azpiklinikoa aldatzeko eta immunitate sistema eta sistema endokannabinoidea modulatzeko”. Gainera, “agerikoa da ariketa fisikoko saio batek inflamazioaren aurkako giroa eragiten duela, eta litekeena da haren ondorioak aldatzea ariketaren maiztasunaren, intentsitatearen eta iraupenaren arabera”. Horregatik guztiagatik, ikerketa horretatik lortzen den informazioa “zientifikoki baliozkoa eta kulturalki onargarria izanen litzateke Espainian eta nazioartean COVID-19aren sintoma iraunkorrak dituzten pertsonen osasuna eta prebentzioa sustatzeko programak diseinatzeko”, gaineratu dute.

Irudiak