NUP eta Navarrabiomed, Banco Santanderrek 160.000 eurorekin finantzatutako COVID-19ari buruzko proiektu baten buru
- Kataluniako beste lau erakunde ere parte hartzen ari dira koronabirusa neutralizatzeko propietateak dituzten molekulak garatzea xede duen proiektu horretan
Supera Covid-19 Funtsak, Banco Santanderrek Santander Universidadesen bitartez eta Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziarekin eta Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Zentroarekin (CSIC) lankidetzan abiarazitakoak, 160.000 euro eman ditu COVID-19ari buruzko ikerketa-proiektu bati diruz laguntzeko. Partzuergo batek jarri du martxan proiektu hori, Navarrabiomedeko eta Kataluniako beste lau erakundetako zenbait ikertzailek osatuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) koordinaziopean. Proiektu horren helburua da gaixotasun hori eragiten duen SARS-CoV-2 koronabirusa neutralizatzeko propietateak dituzten molekulak garatzea, infekzioaren larritasuna dela-eta ospitaleratzea eta gainbegiratze klinikoa behar duten pazienteen tratamendurako.
Molekula horiek ACE-2 hartzailearen peptido espezifikoetan oinarritzen dira, eta gai SARS-CoV-2aren infekzio-ahalmena murrizteko edo deuseztatzeko. “Birusa ainguratzeko erabiltzen den giza hartzailearen eremua erreproduzitzen duten molekulak dira —azaldu du proiektuaren buru den ikertzaileak, Jacinto López Sagasetak, Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoko Zentroko Proteinen Kristalografia Unitatekoa denak—. Moldeko eremu horretatik molekulak sortu nahi ditugu, baina birus-partikularekin lotzeko gaitasun handiagoarekin; horrela, zaildu eginen lukete birusa hartzaile naturalari lotzea eta, ondorioz, infekzioak aurrera egitea”. Ikertzailearen arabera, molekula horiek “infekzioaren prozesua eta abiadura arintzeko gai diren botikak diseinatzen laguntzen ahal dute, eta, ondorioz, gaixoaren errekuperazio klinikoa erraztu”.
Hamabi hilabeteko iraupena izanen duen proiektu hori garatzeko, partzuergo bat eratu da, zenbait diziplinatako ikertzaileak biltzen dituena: sintesi kimikoa, proteinen ingeniaritza, egiturazko analisia, biologia zelularra, bai eta BSL3 biosegurtasun-baldintzetako adituak ere (laugarren eskalako laborategietarako biosegurtasuneko hirugarren maila), molekula horien potentziala testatu ahal izateko. Zehazki, Navarrabiomed eta NUPez gain, Bartzelonako lau ikerketa-erakundek hartzen dute parte: IRB Barcelona (Ikerketa Biomedikoko Institutua), IQAC-CSIC (Kimika Aurreratuko Kataluniako Institutua), CIBER-BBN (Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa Bioingeniaritzaren, Biomaterialen eta Nanomedikuntzaren arloetan), eta IRTA (Nekazaritzako Elikagaien Ikerketako eta Teknologiako Institutua). Navarrabiomeden kasuan, Jacinto López Sagasetaz gain, honako hauek hartzen dute parte ikerketan: Gilda Dichiara Rodríguez, Elena Erausquin Arrondo eta Ane Ochoa Echevarría, Proteinen Kristalografia Unitateko kideak.
Jacinto López Sagasetaren hitzetan, partzuergoko kideek espero dute “inhibizio efikazia handiko molekulak izateak pandemiaren eragin sozioekonomikoa leuntzen lagunduko duela, SARS-CoV-2aren edo arriskutsuak izan daitezkeen eta antzeko sarbideak dituzten beste koronabirus batzuen iraunkortasuna eta/edo etorkizuneko agerraldiak kontuan hartuta”.
8,5 milioiko funtsa
Covid-19 Supera Funtsak 8,5 milioi euroko zuzkidura du guztira, eta zenbait erakunderen proiektuetara bideratu da, hain zuzen, Covid-19aren aurkako borrokan hiru ardatz estrategiko hauen arabera garatutakoetara: birusari eta haren prebentzioari buruzko ikerketa aplikatua, eragin soziala eta unibertsitateen gaitasun teknologikoa indartzea, eta arrakala digitala murriztea. Zehazki, 700 proposamen aurkeztu zituzten, eta horietatik 35 aukeratu dituzte birusaren aurkako ikerketa aplikatua egiteko; 5 milioi euroko zuzkidura du ardatz horrek. Gainera, milioi bat euro inguru banatu zaizkie eragin sozialeko hamabi proiekturi. Eta, azkenik, 2,5 milioi euro bideratu dira egoera sozioekonomiko ahulean dauden Espainia osoko unibertsitateko gazteei 5.000 ordenagailu inguru, Interneterako 15.000 konektibitate-irtenbide eta web-kamerak emateko.