Navarrabiomedek prestakuntza estrategikoa jaso du asistentzia-praktikan eta ikerketan azterketa genomikoak integratzeko eta kudeatzeko
- Prestakuntza IRIS EDIH europar proiektuaren esparruan garatu da, eta medikuntza genomikoaren erronka etiko eta legalei ere heldu die
Osasun arloko 70 profesionalek baino gehiagok eta enpresa pribatu eta ETEetako ordezkariek eta ikerketa biomedikoan inplikatutako pertsonek parte hartu dute "Genomika Praktika Klinikoan eta Ikerketa Biomedikoan" izeneko informazio genomikoa interpretatzeko eta kudeatzeko ikastaroan, IRIS Berrikuntza Digitaleko Nafarroako Poloaren eta IRIS EDIH Europako proiektuaren esparruan, Navarrabiomed eta Nafarroako Unibertsitatearen eskutik.
Jardunaldiaren hasieran, Diego Garrido ADItech-eko zuzendari nagusiak, , nabarmendu du oso garrantzitsua dela horrelako ikastaroak egitea Nafarroan medikuntza pertsonalizatua garatzen parte hartzen duten alderdi guztientzat. Gainera, nabarmendu duenez, “ETEentzat eta Administrazioarentzat medikuntza pertsonalizatuko zerbitzu aurreratuak eskaintzen ditu EDIHk, %100erainoko finantzazioarekin”. ADItech-ek IRIS EDIH proiektua koordinatzen du.
Ildo horretatik, Estefanía Huergo Navarrabiomedeko Bioinformatika Translazionaleko Unitateko doktoratu ondoko ikertzaileak eta Marta Pozuelo Nafarroako Cima Nafarroako Unibertsitateko biologia konputazional eta genomiko translazionaleko programaren bioinformatikariak azpimarratu dute “gaur egun, ezinbestekoa da genomikaren diziplinarteko ulermena lortzea eta azterketa genomikoak eremu klinikoan, ikerketan eta osasunaren sektore pribatuan sartzea, osasuna hobetzeko, tratamenduak pertsonalizatzeko eta ezagutza zientifikoan aurrera egiteko".
Ikastaroari esker, genomikak laguntza medikoan eta ikerketa biomedikoan duen eraginari buruzko ikuspegi integrala eman zaie parte-hartzaileei. Horretarako, genetikaren eta genomikaren oinarrizko kontzeptuei buruzko modulu teorikoak, aholkularitza genetikoaren erronka etiko eta legalak edo ikerketa genomikoari buruzkoak txandakatu dira. Bestalde, modulu praktikoagoak eman dira datu genomikoen analisia interpretatzeko, kasu klinikoak ebazteko eta kasu errealen eta genomikaren egungo egoeraren inguruko eztabaidetarako tresna eta baliabideei buruz.
Maite Mendioroz Navarrabiomedeko zuzendariak Nafarroan medikuntza pertsonalizatuaren garapenean Navarrabiomedek duen paper aitzindaria gogoratuz amaitu du jardunaldia, NAGEN programarekin, Nafarroako Gobernuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko praktika klinikoan genomen azterketa ezartzeko sustatu duen ekimen estrategikoarekin. Halaber, Navarrabiomed Zientzia eta Teknologiari lotutako Doitasun Medikuntzako Azpiegituraren (IMPaCT) buru da Nafarroan, Carlos iii.a Osasun Institutuak koordinatuta. Medikuntza Pertsonalizatuaren Espainiako Estrategia berriaren lehen pausoa da eta hiru programatan antolatzen da: Medikuntza Prediktiboa, Datu Zientzia eta Medikuntza Genomikoa.
Doitasunezko Medikuntza Pertsonalizaturako eraldaketa digitaleko zerbitzuak
Europako Batzordeak European Digital Innovation Hubs-en (EDIHs) lehen sarean sartzeko hautatu du Nafarroako Berrikuntza Digitalaren Gunea, Europa Digitala programaren esparruan. Sartze horri esker, IRISek eraldaketa digitalaren katalizatzaile gisa jardun dezake, eta adimen artifizialean, superkonputazioan eta doitasunezko medikuntza pertsonalizatuan espezializatutako zerbitzuak eskaintzen dizkie enpresa eta erakunde publikoei, bai eskualdeetan, bai Estatuan, bai Europan.
Navarrabiomedek, halaber, aholkularitza zerbitzuak proposatzen ditu eraldaketa digitaleko prozesuan laguntzeko medikuntza pertsonalizatuaren sektorean: “endpoints” azken puntuak aztertu eta identifikatzea – Osasuna; Historia klinikotik abiatuta ezagutza sortzea; Erregistro Medikoen Sistema Estandarizatua, Screening eta pazienteen estratifikazioa machine learning tresnak erabiliz. Zerbitzu horiek IRISen bidez ematen dira, Metodologia eta Bioinformatika unitateetatik.