Navarrabiomedek EMERGENTCY proiektu europarran parte hartzen du Nafarroa, Aragoi eta Frantziako entitateekin

 primera reunión del proyecto europeo EMERGENTCY
Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Nilsa

Navarrabiomedek EMERGENTCY proiektu europarran parte hartzen du Nafarroa, Aragoi eta Frantziako entitateekin

  • Proiektu honen buru Nilsa da eta helburua da aztertzea nola prebenitu antibiotikoak ibaietan, baita beste kutsatzaile batzuk ere, hala nola bakterioak eta antibiotikoekiko beraiekiko erresistenteak diren geneak. 

     

NILSAk EMERGENTCY proiektu europarraren lehen bilera antolatu du, Baluarten. Europako Batasunak 1,299 milioi euro emango ditu, POCTEFA 2021-2027 mugaz gaindiko lankidetza-proiektuen esparruan. Guztira 1,99 milioi euroko inbertsioa da, eta helburua da aztertzea nola prebenitu antibiotikoak ibaietan, baita beste kutsatzaile batzuk ere, hala nola bakterioak eta antibiotikoekiko beraiekiko erresistenteak diren geneak.

Sozietate publikoa, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuari atxikia, proiektu europarraren buru ari da, ondokoak ere parte hartzen ari direlarik: Nafarroako Unibertsitatea, Navarrabiomed, Zaragozako Unibertsitatea, Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionala (egoitza Parisen du), eta Akitania Berriko Ecocène eta Okzitaniako Eurocob enpresak. Proiektua bilera honekin batera hasiko da modu ofizialean, eta 2026ko abenduaren 31n bukatuko da. Bere aurrekoak, OUTBIOTICS izenekoak, lortutako ondorioetan oinarritzen da. 2021ean bukatu zen aurreko hori, eta Nafarroak parte hartu zuen.

Sortzen ari diren kutsatzaileak mugaz gaindiko ibaietan identifikatzea dute ardatz bi proiektuek. Izan ere, substantzia horiek ez zeuden identifikatuta lehen, eta gero eta protagonismo handiagoa izaten ari dira azken hamarkadan ibai-ibilguetan. Kutsatzaile horiek ugari dira, hala nola pestizidak, botikak, kafea, hormonak eta drogak. Horien artean, antibiotikoak nabarmentzen dira, ingurune naturalarentzat arriskutsuak direlako. Gainera, antibiotikoekiko erresistente direnen kopurua eta motak osasun publikoak munduan duen erronka handienetako bat dira.

Gaurko bileran izan dira, halaber, Iruñerriko Mankomunitatea zein Antibiotikoekiko erresistente direnei aurre egiteko Plan Nazionaleko eta Communauté d’Agglomération du Pays Basque–Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariak. Izan ere, helburua da proiektuan ahalik eta eragile gehien inplikatzea. Esan bezala, proiektuaren abiapuntua izan da bilera, eta lan-taldeen eta gobernantzako eta kudeaketako organoen eraketaren berri eman dute, baita aurrekontuarena, europar funtsen EGEF hitzarmenaren eta hurrengo seihilekorako plangintzaren berri ere.

EMERGENTCYren ekintza nagusien artean, fase hauek identifikatu dira: hasteko, diagnosia (antibiotikoak detektatzea eta zenbatzea mugaz gaindiko lurraldean); gero, ezabatzea (antibiotikoak eta beste produktu farmazeutiko batzuk, parte-hartzaile guztiek emandako soluzioen bidez); eta bukatzeko, prebentzioa (erabilerari dagokionez).

Ibai hauek aztertu ziren aurreko proiektuan: Urumea, Bidasoa, Arba, Arga, Irati, Veral, Subordan, Aragoi, Gállego, Ara, Cinca, Segre, Esera, Aturri, Garona eta Salat.
 
POCTEFA 2021- 2027

POCTEFA mugaz gaindiko lankidetzarako europar programa bat da, Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugako lurraldearen garapen jasangarria sustatzeko sortua. Europar Batasunak eremuari emandako seigarren laguntza finantzarioa da. Horretarako, Pirinioetako bi aldeetako eragileek diseinatutako eta kudeatutako lankidetza-proiektuak kofinantzatzen ditu, aldeak gutxitzen eta indarrak batzen lagunduta, eskualdearen garapen jasangarria eta haren kohesioa lortzeko.