Navarrabiomed-ek bat egin du Minbiziaren aurkako Nafarroako VII. Martxarekin; hain zuzen ere, irailaren 25ean eta 26an egingo da

Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

Navarrabiomed-ek bat egin du Minbiziaren aurkako Nafarroako VII. Martxarekin; hain zuzen ere, irailaren 25ean eta 26an egingo da

•    OnkoInmunologia Unitateko ikerlariek bideo batean parte hartzera animatzen dute ikerketa onkologikoa babesteko.

Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak (AECC) Nafarroan antolatutako Minbiziaren aurkako Nafarroako VII. Martxa irailaren 25ean eta 26an egingo da, COVID-19aren aurkako prebentzio-protokoloak beteta eta parte hartzen duten pertsonen segurtasuna bermatuta. Bildutako dirua Foru Komunitateko ikerketa onkologikoko proiektuak nahiz elkarteak Navarrabiomeden finantzatzen dituen bi azterketa bultzatzeko erabiliko da.

Aurten, berrikuntza nagusia da martxa “zirkuitu librearen” formatuan egin ahal izango dela. Parte-hartzaile bakoitzak izena eman beharko du aplikazio batean eta oinez 5 kilometro egin, korrika 10 kilometro edo bizikletan 25 kilometro. Ibilbidea app-era igoko da minbiziaren aurkako borrokaren alde egindako ahalegina jasota gera dadin.

Osagarri moduan, AECC Nafarroak aire zabaleko bi kirol-jardunaldi antolatu ditu (larunbatean, hilak 25, Tuteran eta igandean, hilak 26, Iruñean). Horietan, halaber, funtsak jasoko dira AECC berak finantzaturiko ikerketa-proiektuetara osorik bideratzeko. Tuterako Plaza Berrian spinning maratoia egingo dute, eta Iruñeko Foruen Plazan zunba, boxeo, tai-chi, martxa nordikoa edo tono-fit saioak izango dira.


79 milioi minbizia ikertzeko

Minbiziaren aurkako Espainiako Elkarteak (AECC) Minbiziaren aurkako Martxa hau antolatzen du Iruña eta Tuterako Udalen laguntzarekin nahiz hogei bat erakunderen eta enpresaren lankidetzarekin. AECCk ahaleginak egiten ditu Espainiako minbiziaren errealitatea bistaratzeko, hobetzeko arloak detektatzeko eta gizartea eraldatzeko prozesua abian jartzeko, horiek zuzendu ahal izate aldera, minbizia osotasunean eta diziplina anitzetik jorratzeko. Gaur egun, minbizia ikertzera funts gehien bideratzen dituen erakunde sozial eta pribatua da, guztira 79 milioi euro 400 proiektutarako, eta horietan 1.000 ikerlari baino gehiagok hartzen dute parte.

2017. urteaz geroztik, Navarrabiomedeko OnkoInmunologia Unitateko eta Nafarroako Ospitale Guneko Onkologia Medikoaren Zerbitzuko profesionalek parte hartzen duten proiektuak babesten ditu AECCk. Gaur egun, zentroak azterketa hau garatzen du: "Azpipopulazio linfozitarioak, biriketako kartzinoma ez-mikrozitiko aurreratuko inmunoterapia anti-PD1/PDL1ti erantzuteko biomarkatzaile prediktibo gisa, tratamenduaren lehen lerroan”, Hugo Arasanz Esteban onkologoa eta ikerlaria buru duen ekimena. Gainera, aurtengo martxoan amaitu da David Escors Murugarrenek, OnkoInmunologiako Unitateko ikertzaile nagusiak, zuzendutako proiektua: “Seneszentzia inmunologikoaren efektuak anti-PDL1/anti-PD1 inmunoterapien eraginkortasunaren inguruan”.

AECCren lehen 50 urteak

AECCn, gaixoak, senitartekoak, boluntarioak eta elkarrekin lan egiten duten profesionalak biltzen dira, prebenitzeko, sentsibilizatzeko, kaltetuei laguntzeko eta ikerketa onkologikoaren proiektuak finantzatzeko, minbiziaren diagnostiko eta tratamendu hobea egin ahal izatearren. Aurten, 50 urte beteko ditu 1971n sortu zenetik, 52 probintzia-egoitzatan egituratuta, tartean Nafarroa, eta Espainiako 2.000 herri baino gehiagotan aurkitzen da. Ia 30.000 boluntario ditu, 500.000 bazkide baino gehiago eta 1.007 profesional. 2019an zehar, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak gaixotasunak eragindako 318.264 pertsona artatu zituen.

Martxarako izen-emateak, jarduera paraleloak eta dohaintzak. 
Nafarroako AECCn web gunea.
Navarrabiomedeko ikerlariek Nafarroako AECCn VII. Martxan parte hartzera animatzen dute

Investigadores de Navarrabiomed animan a participar en la VII Marcha AECC Navarra