Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko profesionalek parte hartzen duten EXTREME proiektua, aldizkako baraualdia aztertzeko gehiegizko pisua duten pertsonen bila dabil

Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko profesionalek parte hartzen duten EXTREME proiektua, aldizkako baraualdia aztertzeko gehiegizko pisua duten pertsonen bila dabil

Ikerketa Nafarroako Gobernuak finantzatu du eta taldea Navarrabiomed zentroaketa Making Genetics enpresak ere osatzen dute


Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP), Navarrabiomed zentroko adituek eta ikertzaileek eta Making Genetics enpresako genetistek osatutako diziplina anitzeko talde bat 30 eta 65 urte bitarteko boluntarioen bila dabil “EXTREME” ikerketa-proiekturako, gehiegizko pisua edo obesitatea duten pertsonen osasun kardiometabolikoari buruzko aldizkako barauaren eraginkortasuna eta egingarritasuna aztertzeko. Foru Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak finantzatzen du proiektua eta Nafarroako ikerketa klinikoko batzorde etikoaren onespena du.

Urrian hasiko dira boluntarioen bila eta parte-hartzea doakoa da.

EXTREME proiektuak 12 asteko iraupena duen elikadura programa bat eskaintzen du, eta nutrizioaren eta osasunaren arloko adituek diseinatu dute. Boluntarioek, parte hartzeko kontraindikazio medikorik ez dagoela bermatzeko azterketa medikoa egin ondoren, laguntza eta ikuskapen profesionala izanen dute astean behin, ikerketa osoan. Ebaluazio mediko eta nutrizionalak abangoardiako teknologiaz eginen dira.

Parte hartzeko edo argibide gehiago eskatzeko 644 06 88 34 telefonora deitu edo helbide elektroniko honetara idazten ahal da: extreme.tre21@gmail.com.

 

Janariak hartzeko ordu murrizketa


Idoia Labayen Goñi NUPeko irakasle eta ikerketaren zuzendari zientifikoak azaldu duenez, “janariak hartzeko ordutegi-murrizketak” (TRE, ingelesezko siglengatik) “ezarritako ordu-tartean janari-mota edo kopurua murriztu gabe jatea dakar, eta eguneko gainerako orduetan barau egitea. Helburu nagusia da egunero jateko eta barau egiteko ziklo konstante bati eustea, erritmo zirkadiano egonkor eta osasuntsu batzuei jarraitzeko”. 

“Gizakietan TREri buruzko lehen azterketen emaitzak etorkizun handikoak dira, eta iradokitzen dute gorputz-pisua eta apetitua murrizten dituela, eta, aldi berean, gaixotasun kardiobaskularra hobetzen duela aurrediabetesa duten helduetan eta sindrome metabolikoa duten gaixoetan”, azaldu du Idoia Labayenek. Hala ere, “gaur egun ez dago obesitatearen tratamendu gisa TRE gomendatzeko adinako ebidentzia zientifikorik, eta ez dakigu zein mekanismoren bidez hobetzen ahalko litzatekeen osasun kardiobaskularra ezarritako energia-murrizketarik gabe”, adierazi du.

 

Erritmo zirkadianoak, janaria hartzea eta TRE pertsonalizatua


Idoia Labayenek azaldu du aldizkako barauak proposatzen dituen eredu dietetikoak 24 orduan behin gertatzen diren erritmo biologikoekin lerrokatzean oinarritzen direla, eta erritmo zirkadiano endogenoen eta ingurumen-faktoreen arteko elkarrekintzaren ondorio direla. “Sistema zirkadiano endogenoa hipotalamoan dagoen erloju zentral batek eta gure organismoa osatzen duten organo eta ehun guztietan agertzen diren erloju periferikoek osatzen dute. Argi-seinaleek, lo-ordutegiek eta elikadurak, besteak beste, erritmo zirkadianoen sinkronizazioari eragiten diote”, argitu du.

Testuinguru horretan, dieta denborazko seinale bat da metabolismoarekin lotutako hainbat organotan. Ikerketaren zuzendari zientifikoak azaldu duenez, elikadura-eredu irregularrek eta denbora luzez janariak hartzeak (adibidez, 14 orduko janari-leihoa, goizeko 7etatik gaueko 10etara) aldaketak eragiten dituzte erritmo zirkadianoetan. Horrek, aldi berean, obesitatea, gaixotasun kardiobaskularrak eta 2. motako diabetesa izateko arriskua handiagotzen du. 

Horri gehitu behar zaio “erloju biologikoaren eta erloju sozialaren arteko gatazka oso fenomeno ezaguna dela. Adibidez, pertsona batzuek familiarekin eta/edo lagunekin ez afaltzea arazo bat dela uste dute TRE goiztiarreko programa bati jarraitzen badiote, adibidez, 8:00etatik 14:00etara. Gainera, Espainia beranduen afaltzen den munduko herrialdeetako bat da, hamarrak aldera”, esan du. Hala, “EXTREME proiektua gure testuinguru sozialean TRE elikagaiak hartzeko ordutegi desberdinen bideragarritasuna eta onargarritasuna eta horien eraginkortasuna aztertzeko beharrari erantzuteko sortu da”, ondorioztatu du Idoia Labayenek.

Noiztik zabaldua: unavarra.es

 

Irudiak