Nafarroako Gobernuak 23 milioi euro banatuko ditu I+Gko proiektu estrategikoetarako dirulaguntzetan eta nekazaritzako elikagaien industrietako inbertsioetan
- Nekazaritzako elikagaien sektoreko 59 enpresak eta S3rekin bat egindako I+Gko hamar proiektu estrategikok jasoko dituzte laguntzak
Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak duela gutxi ebatzi ditu 23 milioi euroko bi laguntza deialdi. Hain zuzen ere, eta Manu Ayerdi kontseilariak prentsaurrekoan iragarri bezala, S3rekin bat egindako I+Gko proiektu estrategikoei 13 milioi ematea onartu du, eta 10 milioi gehiago Foru Komunitateko nekazaritzako elikagaien industrietan inbertitzeko.
72 milioi euroko inbertsioa batez ere ete eta mikroeteetan, eta 256 enplegu aurreikusi dira
Nekazaritzako elikagaien sektorerako, Garapen Ekonomikoko Departamentuak deialdi espezifikoa prestatu zuen, eta horren bitartez, proiektuak ez ezik, 2020ko abenduaren 1a baino lehen egindako inbertsioak ere diruz lagunduko ziren. Ildo horretan, diru-laguntza eskatu ahal izango zen makinaria erosteko nahiz instalazio berriak eraikitzeko edo lehengoak birgaitzeko.
Guztira 59 enpresak eskuratu dute laguntza-lerro hori, 10 milioi eurokoa. Onuradun gehienak, %74, eteak eta mikroeteak izan dira. Horrela, positiboki ebatzi dira eteen 37 eskaera (horietako 8 kooperatibak) eta mikroeteen 7 eskaera, enpresa handietako 15en aurrean.
Azpisektoreka, 4,6 milioi euro eman zaizkie barazki eta frutarekin lan egiten duten 19 industriari, 2,4 milioi zereal-industriako 12 enpresari eta 1,5 milioi haragi-sektoreko 16 enpresari. Bost esne-industriak 448.388 euro eskuratu dituzte eta oliba-olioaren ekoizpenean aritzen diren 3k 532.469 euro.
Horien guztien artean, aurkeztutako proiektuek guztira 72,8 milioi euroko inbertsioa eskatu dute, eta 256 lanpostu sortuko direla aurreikusten da.
Geografia-eremuei dagokienez, laguntza gehienak Nafarroako erdialdean eta hegoaldean eman dira. Onuradun gehienak (21) Erriberako zonan eta Ebroko Erriberan aurkitzen dira. Iruñerrian beste bederatzi daude eta Arga eta Aragoiko erriberan beste zazpi. Nafarroa Atlantikoak, Lizarraldeak eta Erdialdeak seina onuradun dituzte. Bestalde, bi enpresa Baztangoak dira eta beste bi Pirinioetako haranekoak. Horrez gain, diru-laguntza jaso duten 59 espedientetatik 11 1.000 biztanletik beherako udalerrietan kokatzen dira, eta diruz lagundu daitekeen inbertsioa 12.812.857 eurokoa da (%17,59) eta jasotako diru-laguntza 1.784366.01 €-koa; hau da, partida osoaren %17,68a.
13 milioi euro I+G arloko proiektu estrategikoetarako
I+G arloko proiektuetarako laguntzei dagokienean, zenbatekoa 13 milioi euro ingurukoa da. Kopuru horrekin Departamentuaren asmoa zen Nafarroarako lehentasunezko sektoreetan, S3 Espezializazio Adimentsuaren Estrategian markatutakoetan, inpaktu altuko ekimenak egitea sustatzea. Kasu honetan, Exekutiboak lehentasuna eman die enpresak eta ikerketa-erakundeek batera bultzatutako proiektuei, Foru Komunitateak aurre egin beharreko erronka ezberdinei erreparatuz. Programaturiko hamar proiekturen artean, 41 enpresak eta 24 zentro teknologikok edo ikerketa-zentrok hartzen dute parte.
Modu horretan, esate baterako, genomikaren eta medikuntza aurreratuaren arloan, guztira hiru proiektuk eskuratu dute diru-laguntza. Garrantzitsuena NagenPedriatrics proiektua da, Nasertic, Miguel Servet Fundazioak eta Avalon Tecnologías enpresak bultzatua, pediatrian sekuentziazio genomiko aurreratua lortzeko. Ekimen horri 1,99 milioi euro eman zaizkio. Bestalde, Linterna: minbiziaren inmunoterapian lidergoa eta berrikuntza Nafarroatik proiektuak 1,76 milioi euro jasoko ditu Aditech, Medibiofarma, Miguel Servet Fundazioa, Ikerketa Mediko Aplikaturako Fundazioa eta Nafarroako Unibertsitateak garatzeko. Azkenik, Agatak, terapia pertsonalizatuak garatzeko genomika aurreratuko aliantzak, 1,52 milioi euroko laguntza lortu du. Azken proiektu hori Miguel Servet Fundazioak, Nafarroako Unibertsitateak, Nasertic-ek, Recombinak eta Ikerketa Mediko Aplikaturako Fundazioak bultzatu dute.
Elikadura eta adimen artifiziala
Elikadura pertsonalizatuari dagokionean, proiektu honek guztira 841.529 euroko diru-laguntza eskuratu du: Nutri+: premia bereziak dituzten pertsonen nutrizioan aurrera eginaz. Ekimen hori bultzatzen duen kontsortzioa honako hauek osatzen dute: Miguel Servet Fundazioa, CNTA, Nafarroako Unibertsitatea, Adacen, Tutti Pasta, Industrias Alimentarias de Navarra, Precocinados Frisa, Cocuus System Ibérica, Aditech Fundazioa eta SAR Residencial y Asistencial.
Adimen artifizialaren eta robotikaren arloan, Nafarroako Gobernuak dirulaguntza horien bitartez hiru ekimen berri bultzatzea aurreikusten du. Horrela, ReInforce proeikturako 813.349 euro jarri ditu. Minbiziaren toxikotasuna eta errepikapena iragartzeko adimen artifizialeko plataformak honako hauen babesa du: I+G+b Automozioa eta Mekatronika Fundazioa, Nafarroako Unibertsitatea eta Datbowmovalsys, Cistec, Eversens eta Aldakin enpresak. ‘Adimen artifiziala RFID Chipsless-erako’ proiektua NUPek, I+G+b Automozioa eta Mekatronika Fundazioak eta Ulzama Digital, Ulzama Packaging, Embeblue, Innavatic eta Gráficas Ulzama enpresek bultzatzen dute, eta 704.419 euro jasoko ditu. Azkenik, AIFood ekimenak, elikaduraren kalitatea eta segurtasuna kontrolatzearen inguruan erabakiak hartzeko eta monitorizatzeko plataforma abian jartzeko, 804.408 euro lortu ditu. Kasu horretan, honako hauek osatutako kontsortzioak aurkeztu du proiektua: NUP, AIN, CNTA eta Florette, Urzante, Helphone, Das Nano eta IAR enpresak.
Azkenik, ideia disruptibo emergenteen arloan, 1,74 milioi euro eman zaizkio Innolfact proiektuari, eta horren asmoa da usaimen-zehaztasuneko medikuntza ezartzea eta sudurreko terapia inmunomodulatzaileak garatzea batez ere zahartzeari eta gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten pertsonei bideratuta. Proiektu honen atzean Aditech, Miguel Servet eta Ikerketa Mediko Aplikaturako Fundazioak daude, Nafarroako Unibertsitatearekin eta Ojer Pharma Laborategiekin batera.
Emotional Films proiektuak eta pedagogian, psikologian eta beste arlotan aplikazioak gauzatzearen azterketak 1.588.970 € jasoko ditu, eta bertan ADITECH Fundazioak parte hartzen du.
3D3B-AVATAR” proiektuari dagokionez, giza BHEren 3d eredua sortu nahi da, Alzheimer gaixotasuna duen gaixoarengan dauden ezaugarri estrukturalak, funtzionalak eta fluidodinamika erreproduzitzeko. Proiektuak 1.299.279 €-ko laguntza izango du, eta bertan honako hauek hartzen dute parte: NUP, I+G+b Automozioa eta Mekatronika Fundazioa, Ikerketa Mediko Aplikaturako Fundazioa, Miguel Servet Fundazioa eta Hirudi Sistemas 3D, Iruña Tecnologias de Automatización eta One Voxel enpresak.