MITeko ordezkariak Nafarroara etorri dira arlo biosanitarioan eta ekintzailetzan itunak egiteko asmoarekin
Massachusetts-ko Institutu Teknologikoko (MIT) ordezkaritza Iruñean izan berria da ekintzailetza arloan eta sektore biosanitarioan lankidetzak jorratu daitezkeen aztertzeko.
Estatu Batuetako ordezkari moduan, MITeko Harreman Korporatiboetako zuzendaria, Klaus R. Schleicher, eta Harreman Korporatiboen Programaren zuzendaria, Eduardo Garrido, etorri ziren. Bestalde, Nafarroaren izenean, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Manu Ayerdik egin zion harrera taldeari. Halaber, Nafarroako Gobernuaren izenean parte hartu zuten Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia den Izaskun Goñik; Osasuneko zuzendari nagusia den Carlos Artundok; Industria, Energia eta S3 Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusiak, Yolanda Blancok; eta Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitalaren Departamentuko Kabinete buruak, Roi Villarrek.
Nafarroako hiriburuan, hasteko, Navarrabiomed ikerketa biomedikoaren zentroa bisitatu zuten, eta, bertan, bilera egin zuten medikuntza pertsonalizatuaren estrategiako lanaren batzorde teknikoko kideekin. Bileran parte hartu zuten zentroaren zuzendari Iñigo Lasak eta Medikuntza Genomikoaren Unitateko ikertzaile nagusia den Angel Alonsok.
Ondoren, MITeko ordezkariak Ikerketa Mediko Aplikatuko Zentroaren (CIMA) instalazioetara joan ziren, eta, jarraian, Nafarroako Berrikuntza Enpresen Zentrora (CEIN) eta NUPera (Nafarroako Unibertsitate Publikoa).
Estatu Batuetako sektore biosanitarioarekiko lankidetzak aurrera jarraitzea espero da datozen hilabeteetan. Besteak beste, lankidetza-arloetan beste bisita batzuk egin daitezke; hala nola, Harvard-eko bioteknologiaren klubeko ikasleen bisita, enpresari eta ikertzaileen bisita edota horietako batzuk irailean Iruñean egingo den Biospain nazioarteko azokan izatea.