Loreto Alonso Martínez-ek bere doktorego-tesia defendatuko du astelehenean, ekainak 1
Loreto Alonso Martínez, Navarrabiomedeko Ariketa Fisikoa, Osasuna, Metabolismoa eta Gaitasun Funtzionala (E-FitMet) unitateko doktoratu aurreko ikertzaileak, Nafarroako Unibertsitate Publikotik egindako doktore tesia irakurriko du, datorren ekainaren 1ean, astelehenean, goizeko 9:30ean, Navarrabiomedeko Ekitaldi Aretoan. Doktorego-lanak “Motor Competence in Preschool Children and its Relationship with the Socio-Ecological Environment” izenburua du, eta honako doktoreen zuzendaritzapean garatu da: Mikel Izquierdo, Navarrabiomedeko E-FitMet unitateko ikertzaile nagusia eta NUPeko katedraduna, eta Alicia Mª Alonso, NUPeko irakasle titularra, Navarrabiomedeko ikertzailea eta Eskola Jarduera Fisikoaren Behatokiaren zuzendaria.
Garatutako ikerketa
Tesi honek, lau azterlan osagarriren bidez, 4 eta 6 urte bitarteko haurren gaitasun motorraren eta haien inguruneko hainbat faktoreren arteko harremana aztertzen du. Ikuspegi sozioekologikotik abiatuta, testuinguru desberdinek –hala nola familia, irakasleria, ikastetxea edo bizilekuko auzoa– gaitasun horien garapenean duten eragina aztertzen du. Helburu nagusia oinarrizko gaitasun motorrak (OGM) sustatzea eta haurtzarotik bizi-ohitura osasungarriak bultzatzea da.
Lehenik eta behin, doktorego-lanak ebaluatu zuen ea 24 ordutan zeharreko mugimendu-jokabideak hobetzea helburu duten esku-hartzeek eragin positiboa duten OGMetan. Emaitzek erakutsi zuten, hain zuzen ere, eredu sozioekologikoan oinarritutako esku-hartzeak eraginkorrak direla OGM hobetzeko, bereziki haurrek objektuen kontrola eskatzen duten jarduerak egiten dituztenean. Hala ere, eragin txikiagoa izan dute ikasleen egoera fisiko orokorrean eta mugimendu-ohituretan.
Bigarrenik, Loreto Alonso-k erreferentziazko balio normatiboak ezarri zituen Espainiako haur-populazioaren ebaluazio motorrerako Mobak-Kg tresnaren bidez. 200 ikasle baino gehiagoren laginetik abiatuta, tresna honen baliozkotasuna baieztatu zen Espainiako testuinguruan erabiltzeko, eta adinaren eta sexuaren araberako datu normatiboak lortu ziren. Emaitzek erakutsi zuten mutilek jarduera hobea zutela objektuen kontrolarekin lotutako ariketetan; gainerako dimentsioetan, berriz, antzeko emaitzak lortu zituzten bi sexuek, eta adinarekin hobekuntza progresiboa ikusi zen.
Halaber, ikerketak funtzio exekutiboa aztertu du eskola-umeetan, eta helburua izan da 3 eta 7 urte bitarteko haurrentzako erreferentzia-balioak ezartzea Early Years Toolbox bateriaren bidez. Zehazki, honako osagaiak ebaluatu dira: lan-memoria (bisuala eta fonologikoa), kontrol inhibitorioa eta malgutasun kognitiboa. Emaitzek erakutsi dute garapen kognitibo progresiboa ematen dela adinarekin, eta baita sexuaren araberako aldeak ere, neskek emaitza hobeak lortuz, bereziki kontrol inhibitorioan.
Azkenik, doktorego-lanak gurasoen ingurunearen eragina aztertu du, gurasoen jarduera fisiko moderatu-bizikoaren (JFMV) eta egoera fisikoaren (EF) eta haien seme-alaben emaitzen arteko lotura aztertuz, bai maila motorrean, bai egoera fisikoari dagokionez, bai eta egunean zeharreko 24 orduetako mugimendu-jokabideei dagokienez ere. Emaitzek adierazi dute ikasleen adina dela gaitasun motorraren eta egoera fisikoaren aurreikuslerik garrantzitsuena, gurasoen JFMV eta EFren gainetik. Hala ere, ama baten egoera fisiko hobea haurren errutina osasungarriagoekin lotzen da, hala nola loaren kalitate hobearekin eta jarduera fisiko handiagoarekin.
Tesi honek agerian uzten du, familiak paper garrantzitsua badu ere, haurren garapen motorra eta ohitura osasungarrien eskurapena, neurri handi batean, eskola- eta komunitate-ingurunean oinarritutako estrategien mende daudela. Ildo horretan, funtsezkoa da hezkuntza-testuinguruan aukera motorrak berdintasunez bermatzea.
Finantzaketa eta emaitzen zabalkundea
Doktorego-etapan zehar, hiru urtez, Loreto Alonso Martínez UPNAko kontratu predoctoral baten onuraduna izan da, eta egonaldia egin du Erresuma Batuan, Coventry University-ko “Centre for Physical Activity, Sport and Exercise Science” zentroan.
Doktorego-lanaren emaitzak bi artikulutan argitaratu dira (Human Kinetics Journal eta European Journal of Pediatrics,), eta beste bi berrikusten ari dira. Horrez gain, hainbat nazioarteko kongresutan aurkeztu dira: Kirolaren Zientzien Espainiako Elkartearen XII. Nazioarteko Kongresuan (Madril, 2023ko ekaina), “Promoting Brain Health Through Exercise Across The Lifespan” II. Nazioarteko Kongresuan (Granada, 2024ko iraila) eta Campus Iberuseko X. Doktorego Jardunaldietan (Jaca, 2024ko urria).

