Lehendakariak Nafarroak biomedikuntzan duen talentua eta gaitasuna txalotu ditu, COVID-19ren aurka borrokatzen ari diren ikertzaileekin izandako topaketan
- Foru Gobernuak 1,1 milioirekin zortzi ikerketa proiektu finantzatu ditu, eta horiei Carlos III.a Osasun Institutuaren funtsak jaso dituzten Nafarroako bi ekimen gehitu behar zaizkie
Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak Foru Komunitateko ikerketa zentro eta institutuak COVID-19ren ondorioak arintzen lagunduko duten alternatibak bilatzeko egiten ari diren "lan ona" aitortu du. Nafarroan 515 eta Espainia osoan, 27.000 hildako baino gehiago eragin dituen gaixotasunari aurre egiteko funts publikoekin finantzatutako ikerketa horiek zuzentzen dituzten hamar bat ikertzailerekin bildu da gaur goizean.
Topaketan baita ere parte hartu dute Osasun kontseilari Santos Indurainek eta Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Cruz Cigudosak. Bertan, zuzenean jakin ahal izan dute COVI+D Nafarroa Funtsaren laguntzak jaso dituzten proiektuen ikerketaren helburua. Foru Exekutiboak sortu zuen gai horretan ikerketak bultzatzeko asmoarekin, eta maiatzean 1,1, milioi euroko laguntza eman zien Carlos III. Osasun Institutuaren balorazio positiboa izandako zortzi proiekturi. Horrez gain, institutuak Nafarroako beste bi ikerketari 232.000 euroko finantzaketa eman die zuzenean.
Chivitek foroa aprobetxatu nahi izan du Foru Gobernuak berrikuntzarekin eta ikerketarekin duen konpromisoa gogorarazteko, “garapen ekonomiko eta sozialaren eredu gisa”; horretarako, laguntza hauek ez ezik, I+G+b Talka Plana ere atera du, pasa den astean aurkeztu zuena, eta Nafarroa Suspertu 2020-2023 Plana ere bai, azpiegitura teknologikoak hobetzeaz eta eskualdez gaindiko lankidetza sustatzeaz gain. “Nafarroa biomedikuntza arloan liderra izatea nahi dugu, hori gauzatzeko talentua eta gaitasuna ditugulako. Lantzen ari garen arlo estrategikoetako bat da. Ezagutza eta ikerketa transferitzeko gai izan behar dugu garapen industriala eta teknologikoa errazteko”, baieztatu du. Gainera, Nafarroa "I+G+b arloko mapan erreferente" bilakatuko denaren konfiantza du.
Horretarako, Lehendakariak adierazi du Foru Gobernuaren helburua "inbertsioa gehitzen joatea dela, hazkunde-eredurako zutabe gogorrak ezarriaz”. Modu horretan, prestatuta egongo lirateke COVID-19a bezalako etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
Lehendakariak gizartearen babesa erakutsi dio ikerketa-lan horri; izan ere, “jakin badaki koronabirusa aztertzen ari zaretenok zer-nolako presioa duzuen, txertoak, tratamenduak eta gure gizartean inpaktu izugarria sortu duen birusaren efektuak arindu ditzaketen bestelako alderdiak lortzeko itxaropen handia dagoelako”. Chivitek ikerketa-lanaren “garaiekiko, zorroztasunekiko eta zehaztasunekiko” errespetua eskatu du; era berean, horren bidez “informazio egiazkoa eta pedagogikoa” sustatzea eskatu du, gizartean oro har, gezurrak eta desinformazioa saihesteko.
Hamar proiektu
Lehendakariarekin batera, Berrikuntzako zuzendari nagusia den Rosario Martinez izan da hitzorduan. Halaber, funts publikoekin finantzaturiko hamar proiektutako ikertzaileek hartu dute parte, tartean honako hauek: Luis Martínez de Morentin, Fermín Mallor Giménez, Borja Sáez Ochoa, Natalia Ramírez Huerto, Jacinto López Sagaseta, Pablo Sarobe Ugarriza, Patricia Fanlo Mateo, David Escors Murugarren, Jesús Castilla Catalán eta Leyre Ruete Ibarrola, Beatriz Lacruz Escaladaren ordezkari gisa. Ordezkaritza horrekin batera proiektuak garatzen ari diren ikerketa-zentro ezberdinetako arduradunak ere bildu dira. Ildo horretan, bertan izan dira Nafarroako Osasun Ikerketa Institutuko (IdiSNA) zuzendari zientifikoa, Mª Rosario Luquin; Lurederra Fundazioaren zuzendaria, Claudio Fernández; eta Navarrabiomed-eko zuzendaria, Íñigo Lasa Uzcudun.
Hamar ikerketaren arduradunek beren lan-ildoen berri eman dute; hala nola, txerto posibleen azterketa eta botika jakin batzuen erabilera, baliabideen kudeaketa, prebentziorako neurrien eta produktuen garapena edo intzidentziaren analisia, betiere, kontuan hartuta ezaugarri soziodemografikoak eta bestelako baldintzak.
COVI+D Funtseko laguntzen deialdiaren bitartez, Foru Exekutiboaren asmoa da Nafarroako berrikuntza sustatzea eta estatu-mailan proiektatzea. Horrez gain, talentu zientifikoa sartu nahi du, laguntza horietan langileak kontratatzeko gastuak ere sartzen dira-eta.