Lankidetza publiko-pribatuko MicroBiomics eta Blanca proiektu estrategikoak abiaraztea
-
Ekimen horietako kontsortzioek mikrobiota prozesu patologiko desberdinetan karakterizatzen eta pronostiko txarreko tumoreen tratamendua hobetzen lan egingo dute.
Uda honetan jarri dira abian lankidetza publiko-pribatuko MicroBiomics eta Blanca proiektuak, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak 2021eko deialdian finantzaturiko I+G arloko hamabost ekimen estrategikotatik bi. Bi proiektuen iraupena 3 urtekoa da, eta kontsortzioetan Navarrabiomedeko profesionalek parte hartzen dute Cima Universidad de Navarraren koordinaziopean.
Mikroorganismoek osasunean duten egitekoa
Uztailaren 27an, MicroBiomics proiektuaren kontsortzioaren lehen bilera egin zen, eta honako hauek osatu zuten: Cima, Navarrabiomed (Patogenesi Mikrobianaren Unitateak eta Proteomikoaren Plataformak parte hartuta), Nafarroako Unibertsitate Klinika, Nafarroako Ospitale Gunea (Digestio Aparatuaren eta Erreumatologiaren zerbitzuak), Nafarroako Unibertsitatea (CIMA LAB Diagnostics eta Nutrizioko Ikerketa Zentroaren bitartez), ADItech, NUCAPS eta CNTA, NASERTICen lankidetzarekin.
Ikerketa berriek adierazten dute gure organismoan modu naturalean dauden komunitate mikrobianoek funtsezko eginkizuna dutela giza osasunean. Mikroorganismo horiei modu kolektiboan mikrobiota deitzen zaie, eta gaixotasun ezberdinen fisiopatologian nahiz gaixoek tratamendu farmakologikoei ematen dieten erantzunean parte har dezakete.
Proiektuaren helburua da plataforma multi-omikoa eta erreminta bioinformatikoen multzo bat sortzea, mikrobiotak prozesu patologiko ezberdinetan (digestiboak, autoinmuneak, onkologikoak, e.a.) duen eginkizuna modu globalean karakterizatzeko. Bestalde, azterketa osagarri bat burutuko da mikrobiotaren alterazioek pazienteek esku-hartze kliniko eta terapeutikoei ematen dieten erantzunetan nola eragiten duten zehatzago jakin ahal izateko.
Teknologia genomikoa diana terapeutiko berriak sortzeko
Blanca proiektuan (Breast and Liver ANti-Cancer Antigens) honako hauetako profesionalek hartzen dute parte: Cima, Navarrabiomed (Proteomikoaren Plataforma), Nafarroako Unibertsitate Klinika, Nafarroako Ospitale Gunea (Digestio Aparatu, Alergologia –Inmunologia-, Hematologia eta Anatomia Patologikoaren zerbitzuak), BioNanoplus enpresa bioteknologikoa, SARAY Elkartea, ADItech eta NASERTIC.
Uztailean, kontsortzio osoa bildu zen proiektu hau abian jartzeko, bularreko minbizi hirukoitz negatiboaren eta gibeleko minbizi nagusienaren (hepatokartzinoma, HCC) tratamendurako txertoak garatzeko helburuarekin. Biak pronostiko txarreko tumoreak dira, eta gaixotasun horien azpian dauden mekanismo molekularren karakterizazioa sakontzea eskatzen dute. Blanca proiektuaren asmoa da, diziplina anitzetik jorratuta, diana terapeutiko berriak proposatzea, etorkizunean erabili ahal izateko; adibidez, RNA mezulariaren txertoen bidez.
Bi ekimenak lankidetza publiko-pribatuaren esparruan garatzen dira, Nafarroako Osasun Ikerketako Institutuaren (IdiSNA) eskutik.