Konfinamenduak 4 eta 6 urte bitarteko eskolaurreko haurrengan izan dituen ondorio negatiboak egiaztatu dituzte NUPeko eta Navarrabiomedeko ikertzaile batzuek

Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

Konfinamenduak 4 eta 6 urte bitarteko eskolaurreko haurrengan izan dituen ondorio negatiboak egiaztatu dituzte NUPeko eta Navarrabiomedeko ikertzaile batzuek

Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Navarrabiomedeko zenbait ikertzailek egindako “Espainiako eskolaurreko haurren jarduera fisikoa, bizimodu sedentarioa, loaren kalitatea eta autorregulazioa” azterlanaren arabera, “eskolaurreko adineko haurrengan (4-6 urte) areagotu egin ziren jokabide antisozialak, antsietatekoak eta are depresioarekin lotutakoak ere COVID-19ak eragindako etxeko konfinamenduaren ondorioz”. Ondorio gisa, jarduera fisikoa nabarmen gutxitzearekin, sedentarismoa areagotzearekin eta loaren kalitateak txarrera egitearekin lotu ziren emaitza horiek.

Ikerlana “International Journal of Environmental Research and Public Health” aldizkarian argitaratu da, eta, prozesu horretan, Iruñeko hiru ikastetxetako 4 eta 6 urte bitarteko 268 haurrek eta beren gurasoek hartu zuten parte 2020ko martxotik apirilera bitartean. Jarduera fisikoaren eta loaren kalitatearen mailak zuzenean neurtu ziren parte-hartzaileek sei egunez eskumuturrean eraman zuten azelerometro baten bidez.

Egileen arabera, “gure aurkikuntzek agerian uzten dute konfinamenduak eragin negatiboa izan zuela jarduera fisikoan inbertitutako ordu kopuruan, bizimodu sedentarioan, loaren kalitatean eta autorregulazioan”. Zehazki, eguneroko jarduera fisikoak 43,3 minutu egin zuen behera; jokabide sedentarioek 50,2 minutu egin zuten gora; eta loaren kalitateak % 2,09 egin zuen behera. Konfinamenduak ere modu negatiboan areagotu zituen jokabide antisozialak, antsietatekoak eta depresioarekin lotutakoak. Alde horretatik, ikerketak erakutsi zuen eskolaurreko haurrek barneratze eta kanporatze arazo gehiago izan zituztela konfinamenduan. “Adin horietan, jokabide arazoek eta arazo emozionalek barneratze arazoak (hau da, jokabide antisozialak) edo kanporatze arazoak (hau da, antsietatearekin edo depresioarekin lotutako jokabideak) eragin ditzakete”. Konfinamendu garaian, jokabide antisozial gutxiago izan zituzten Osasunaren Mundu Erakundeak jarduera fisikoari buruz ezarritako gutxieneko gomendioak bete zituzten eskolaurreko haurrek (180 minutu egunean jarduera fisikoa egiteko, eta, horietatik, 60 minutu erdi edo goi mailako intentsitatean). 

Detektatutako mugak

Egileek azaldu dutenez, azterlan hau izan da COVID-19aren ondoriozko etxeko konfinamenduak eskolaurreko haurren jarduera fisikoaren eta loaren mailetan nolako eragina izan duen aztertzearren zuzenean eta objektiboki azelerometroak erabili dituen lehenbizikoa, inkestak eta banakako elkarrizketak erabili beharrean. Nolanahi ere, emaitzak aztertzeko orduan zenbait muga izan zituztela aipatu dute. Lehenik eta behin, baliteke portaerarekin lotutako aldaketak konfinamenduaren lehenbiziko astean gertatu izana; izan ere, orduan jazo ziren eguneroko bizimoduaren aldaketarik handienak, eta familiak egoera berrira egokitzen ari ziren artean. “Konfinamenduak zenbait aste iraun zuenez, baliteke eskolaurreko haurrak gero normaltasunera itzuli izana, loaren eta jarduera fisikoaren errutina berreskuratzearekin batera”. Bigarrenik, azelerometroak erabiltzeko aukera izan zuten haurren kopuru txikia eta beharrezko neurketak egiteko denbora laburra ere muga garrantzitsuak izan ziren. Azkenik, kontuan hartu behar da adingabeak, beren bizimoduari dagokionez, gurasoen erabakien mende daudela, eta ingurune geografikoak edo hirikoak ere eragina izan zezakeela adin horretako haurren jarduera fisikoan eta lo ereduetan”.

Artikuluaren egileak honako hauek izan dira: Alicia M. Alonso-Martínez, Robinson Ramírez-Vélez, Yesenia García-Alonso, Mikel Izquierdo (NUPeko eta Navarrabiomedeko E-FIT Ariketa Fisikoko, Osasuneko eta Bizi Kalitateko taldeko ikertzaileak) eta Antonio García-Hermoso (Navarrabiomedeko Haur eta Gazteen Jarduera Fisikoko Unitateko ikertzaile nagusia). Ikerketa hori Nafarroako Foru Komunitateko 3 eta 6 urte bitarteko Haurren Jarduera Fisikoaren Behatokiaren lanen esparruan dago kokatua. Behatokia Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak finantzatutako ikerketa proiektu bat da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) eta Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoko Zentroko E-FIT Ariketa Fisikoko, Osasuneko eta Bizi Kalitateko taldeko ikertzaileek hartzen dute parte.