"Inteligencia artificial y neoplasias gastrointestinales" eta "Nora", proiektu irabazleak “Osasunaren eremuan negozio-ideia berriak 2021” lehiaketan
“Inteligencia Artificial (IA) y Neoplasias Gastrointestinales” eta “Nora” izan dira lehen eta bigarren sariaren irabazleak, hurrenez hurren, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzaren Europako Zentroa (CEIN) sozietate publikoaren bitartez bultzatutako “Osasunaren eremuan negozio-ideia berriak 2021” lehiaketan.
Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Cruz Cigudosak banatu ditu gaur goizean sariak, Foru Komunitatean osasunaren sektorearekin lotuta, etorkizuneko potentzial handiena duten negozio-ideiak saritzeko asmoarekin. Sariak banatzen, Pilar Irigoienek ere parte hartu du, CEINeko kontseilari delegatuak..
5.000 euroko lehen saria “Inteligencia Artificial (IA) y Neoplasias Gastrointestinales” proiektuarentzat izan da. Adimen Artifizialeko (AA) aplikazio bat da, neoplasia gastrointestinalen tratamendu endoskopikoa optimizatzeko aukera ematen duena. Balizko konplikazioak aurreikusten ditu eta horiei aurre hartzen die (odoljarioa eta zulaketa). Talde sustatzailea honako hauek osatzen dute: Eduardo Albeniz, Humberto Bustince, Iosu Rodriguez, Sheyla Montori, Carlos Lopez Molina eta Juana Guerra.
Bigarren saria, 3.000 eurokoa, “Nora” proiektuarentzat izan da; hau da, etxez etxeko test zerbitzua da, lagin biologikoak analizatzeko. Lehen etapa honetan, ugalkortasunarekin zerikusia duten 4 test mota eskainiko dituzte, emakumeek beren hormonak modu erraz, diskretu eta azkarrean aztertzeko aukera izan dezaten, haien osasuna kontrolatzeko aukera emanda. Camina Paniagua doktoreak sustatu du.
Sarien zenbatekoa proiektua abian jartzeko erabiliko da, baina, horrez gain, bi ekimenak HEALTH Azelaratzailearen lehen edizioan sartu ahal izango dira; hau da, osasunaren arloan proiektuak abian jartzen espezializatua. Era berean, CEINeko adituen aholkularitza eta akonpainamendua izango dute enpresa-proiektua egituratzeko.
Proiektu irabazleak hautatzeko epaimahaia honako hauetako ordezkariek osatu dute: Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua; Osasun Departamentua; Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP); Nafarroako Unibertsitateko Innovation Factory; Nafarroako Unibertsitateko Berrikuntza eta Ekintzailetza Zentroa; Sondena; eta CEIN.
Proiektu finalistak
Hauek izan dira “Osasunaren eremuan negozio-ideia berriak 2021” lehiaketako proiektu finalistak:
Osasunatea. Osasun-sistementzat prestaturiko sistema informatikoa, hitzorduen kudeaketa iraunkorra eta eraginkorra egiteko eta gaixoen informazioa beste era batera kudeatzeko.
Etxeko oxigenoterapiak monitorizatzea. Oxigeno-terapientzat atxikidura monitorizatzeko zerbitzua; horrela, neumologoek eskuratu ahal izango dute agindutako terapien aurrean pazienteen atxikiduraren benetako informazioa, eta fakturazioaren kontrola erraztuko zaie Osasun-erakundeetako Ekonomia eta Finantza Unitateei.
Osasuna kudeatzeko erremintak. Big datan eta adimen artifizialean oinarritutako irtenbidea, osasun-erakundeetan izan daitezkeen kontrako gertaerak identifikatzeko, erakundearentzat alertak sortuaz, aurretiaz jarduteko.
“Osasunaren eremuan negozio-ideia berriak 2021” lehiaketa CEIN HEALTH programan sartzen da, eta zerbitzu espezializatuak ematen ditu gure lurraldean osasunaren arloko berrikuntza eta ekintzailetzako ekimenak sustatzeko, azkartzeko eta eskalatzeko.