Ikerketa genetiko batek agerian utzi du bakterioak infektatzen dituzten birusek aldi berean beren burua babestu eta ostalariak zaintzen dituztela

Pablo Iturbe eta Iñigo Lasa
Berriak
Komunikazio eta diseinu unitatea
T +34 848 422 201
Egileak
Navarrabiomed

Ikerketa genetiko batek agerian utzi du bakterioak infektatzen dituzten birusek aldi berean beren burua babestu eta ostalariak zaintzen dituztela

Pablo Iturbe biologoa NUPen doktoratu da, “Nature Microbiology” aldizkarian argitaratutako ikerketa batekin; ikerketa horrek bideak ireki ditu bakterioek birus bidezko suntsipenaren aurrean erresistentziarik ez izateko estrategiak garatzera begira


Navarrabiomedeko Patogenesi Mikrobianoaren Unitatean –Nafarroako Foru Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) biomedikuntzako ikerketa-zentro mistoa– egin den ikerketa batek deskubritu du Staphylococcus aureus bakterio patogenoa kutsatzen duen birusak nola antolatzen duen bere genoman gene mota bat oreka konplexu hau lortzeko: batetik bakterioa (ostalaria) beste birus batzuen infekziotik babesten du, eta, hala, bakterioaren suntsipena saihesten du (immunitatea), eta bestetik saihestu egiten du defentsa-mekanismo horrek berak birusaren jardueran interferentziak izatea eta birusa bera desagerraraztea (autoimmunitatea). Bakterio horren andui batzuk multirresistenteak direnez antibiotikoekiko tratamenduaren aurrean, bakterioari aurre egiteko estrategietako bat fagoterapia erabiltzea da: “fago” izeneko birus batzuk erabiltzen dira hura kutsatu eta desagerrarazteko. Lan honetan sortutako ezagutza lagungarri izaten ahal da estrategiak garatzeko bakterioek birus bidezko suntsipenaren aurrean duten erresistentzia saihestearren. Pablo Iturbe Sanz biologoak (Madril, 1994) NUPen defendatutako doktoretza-tesiaren emaitza da ikerketa hau, eta “Nature Microbiology” aldizkari zientifikoak argitaratu du.

Pablo Iturberen esanetan, bakterio patogeno “izugarri moldakorra” da S. aureus, eta askotariko infekzioak sortzeko gai da: pneumonia, abzesuak, osteomielitisa (hezurreko infekzioa), endokarditisa (bihotzaren barne-geruzaren hantura) eta inplanteen eta protesien era askotako infekzioak. Gainera, haren andui batzuk multirresistenteak direnez antibiotikoen tratamenduarekiko, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) bakterio hori “antibiotiko berriak garatzeko lehentasunezko bakteriotzat” jo du.

Bakteriofago edo fago izeneko birus espezifiko batzuek infekta dezakete S. aureus delakoa –birus horiek bakterioari atxikitzen zaizkio–. Harreman hori parasitariotzat hartzen da; izan ere, fagoa bakterioaz aprobetxatzen da, eta  ugaltzeko erabiltzen ditu haren baliabideak. Batzuetan, baliteke bakterioa hiltzea fago berriak askatu eta bakterioaren zelula apurtzen dutenean.

Hala ere, zenbait fagok bakterioa beste birus batzuek eragindako infekzioetatik babesteko gaitasuna dute (immunitatea esaten zaio horri). Harreman sinbiotiko moduko batean egiten dute hori, non fagoa eta bakterioa batera bizi diren. Hori onuragarria da fago egoiliarrarentzat, ziurtatzen baitu ez duela lehiarik izanen bakterioaren baliabideak aprobetxatzeko. Koexistentzia horrek funtziona dezan, sistemak orekatua egon behar du, fago egoiliarrak bizirik iraun dezan (autoimmunitatea) eta bakterioa babesteko mekanismoek ezabatu ez dezaten.
 

Birusen aurrean defendatzeko mekanismoa 

Pablo Iturberen ikerketak frogatu duenez, S. aureusa infektatzen duen birusak operon ez-aldamenekoen arkitektura erabiltzen du beste birus batzuen aurrean duen defentsa-mekanismoa erabat indargabetu dadin eta, birus egoiliarra beste bakterio batzuk kolonizatzeko ugaltzen hasten denean, defentsa-mekanismoak ez dezan bere buruaren kontra egin. Operonak DNAn elkarrekin dauden gene taldeak dira; operon ez-aldamenekoen kasuan, berriz, geneak ez daude bata bestearen ondoan genoman, baina elkarrekin aktibatzen edo desaktibatzen ahal dira seinale edo baldintza jakin batzuei erantzunez, fisikoki bereizita egon arren. Gene horiek funtsezko funtzioak betetzen dituzte bakterioaren eta birusaren biologian.

Lana Londreseko Imperial Collegen (Erresuma Batua) egin da, José R. Penadés irakaslearen ikerketa-taldearekin lankidetzan, eta Navarrabiomedeko Patogenesi Mikrobianoaren Unitateak aurretik egindako ikerketetatik sortu zen –Iñigo Lasa Uzcudun NUPeko katedraduna da unitate horren burua–. Izan ere, ikerketa horietan transkripzio unitate berri bat deskribatu zen, “operon ez-aldamenekoa” deiturikoa.

Doktoretza-tesiaren emaitzak, “Nature Microbiology” aldizkarian argitaratzeaz gain, “microLife” izeneko argitalpen zientifiko batean jaso dira, eta Biologia Molekularraren Europako Erakundeak antolatutako The New Microbiology mikrobiologiaren nazioarteko kongresuan eman da haien berri.


Curriculum laburra

NUPen doktoretza eskuratu aurretik, Pablo Iturbek Biologiako Gradua (Bioteknologiako Aipamena) egin zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Egonaldi bat egin zuen bertako Genetika Saileko Landareen Bioteknologiako taldean, non arrozaren retrotransposonei buruzko azterlan bat egin baitzuen. Geroago, Biologia Zelular eta Molekular Integratiboko Unibertsitate Masterra egin zuen Menéndez Pelayo Unibertsitatean, eta bi urtez Ingurumen Mikrobiologia taldean lan egin zuen, Europako Proiektu batean, helburu zuena industriako hondakin-konposatuak birbalorizatzea genetikoki eraldatutako bakterioen bidez.

Iñigo Lasaren zuzendaritzapean NUPen egin eta Navarrabiomeden garatu duen doktoretza-tesian, Pablo Iturbek FPI beka bat izan du, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren 2017ko I+G+B proiektuetarako laguntzen deialdiaren bidez lortua. Tesia Nafarroako Osasun Ikerketako Institutuaren (IdiSNA) jarduera zientifikoaren barrenean egin da.
 

Irudiak
Pablo Iturbe eta Iñigo Lasa
Deskargatu Flecha que indica descarga