FECYTek Navarrabiomed-i Zientzia eta Berrikuntzaren Kulturarako Unitate nazionalaren egiaztapena eman dio
Ziurtagiri honek zentroak dibulgazio zientifikoan eta STEM bokazioak sustatzeko egiten duen jarduera eta proiektuak aitortzen ditu
Navarrabiomedeko Komunikazio eta Diseinu Unitateko taldea Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) ofizialki aitortu du Zientzia eta Berrikuntzaren Kulturarako Unitate (UCC+I) gisa. FECYT Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren menpeko erakundea da. Aitorpen honek balio handiko babes instituzionala ematen dio Navarrabiomedek dibulgazio zientifikoan, ikerketaren komunikazioan eta gizartean kultura zientifikoa sustatzeko egiten duen lanari.
UCC+I sareak herritarrei zientzia zabaltzeko eginkizun estrategikoa duten erakundeak biltzen ditu, ezagutzarako sarbidea, herritarren parte-hartzea eta bokazio zientifikoak sustatuz.
Nafarroatik kultura zientifikoa sustatuz
Egiaztapen honekin, Navarrabiomedek dibulgazio zientifiko zorrotz eta irisgarriaren aldeko konpromisoa berresten du, eta, aldi berean, gizartean zientziarekiko interesa pizteko ekimenak garatzearen aldeko apustua ere bai.
Navarrabiomed-eko UCC+i-k 14 urteko ibilbidea du ikerketa biomedikoaren arloko komunikazio eta dibulgazio zientifikoan, baita Osasunbideko paziente eta senideentzat kanpaina sanitarioak eta informazio-materialak prestatzen ere. Proiektu aipagarrien artean honako hauek nabarmentzen dira: errealitate areagotuko erakusketa zientifiko interaktibo ibiltaria, genero-ikuspegidun zientzia-foro antzerkia, edo zientzia inklusibo eta parte-hartzailea sustatzeko saio parte-hartzaileak.
Bikaintasunaren aitortza komunikazio zientifikoan
FECYTek, egiaztapen honen bidez, erakundeek kalitatean, inpaktu sozialean eta zorroztasun zientifikoan oinarritutako komunikazio-estrategiak garatzeko duten gaitasuna baloratzen du. Helburua gizartean zientziarekiko eta kultura zientifikoarekiko interesa sustatzea da. Aitorpen honek Navarrabiomed erreferente bihurtzen du ingurune biosanitarioko zientzia-komunikazioan, sortutako ezagutzaren gizarteratzea indartuz.
UCC+I sarean sartzeak aukera emango dio Navarrabiomedeko taldeari esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko, eta maila nazionalean lankidetza-proiektuetan parte hartzeko.
