Elena Erausquin Arrondok bere doktore tesia defendatuko du, astelehena, ekainak 17
Elena Erausquin Arrondok, Navarrabiomedeko Proteinen kristalografia eta immunologia estrukturala Unitateko ikertzaileak Nafarroako Unibertsitate Publikotik egindako doktore tesia irakurriko du ekainaren 17ean. Ekitaldia 11:00etan hasiko da, Navarrabiomedeko Ekitaldi Aretoan.
Doktore lana, “Complete structural characterization of an autoimmune TCR: antigen: MHC synapse associated with type 1 diabetes”, izenekoa, Navarrabiomed-en egin da, Jacinto López Sagaseta, Proteinen kristalografia eta immunologia estrukturala Unitateko Ikerlari nagusiaren zuzendaritzapean.
Ikerketaren testuingurua eta emaitzak
Pertsona batzuetan, immunitate-sistemak gaizki erreakzionatzen du organismoaren berezko osagaien aurrean, mekanismo oraindik ezezagunen bidez. Autoimmunitate hori hainbat gaixotasunetan agertzen da, besteak beste, 1 motako diabetesean.
Tesi honetan, proteinen ingeniaritzako teknikak eta X izpien kristalografia erabiliz, Elena Erausquinek identifikatu du nola erreakzionatzen duten immunitate-sistemako zelula batzuek pankrean berez dauden osagaien aurrean, eta horrek intsulina sortzen duten zelulen suntsipena eragiten du. Zehazki, orain arte ezezagunak ziren plastizitate molekularreko mekanismoak azaltzen ditu, molekula diabetogenikoen aldeko erreaktibotasun autoimmunea gaitzen dutenak. Emaitza horiek, gainera, etorkizuneko azterketak bideratzen dituzte, 1 motako diabetesaren aurkako erresistentzian polimorfismo genetiko babesleen rola ezagutarazteko.
Finantzaketa eta hedapena
Elena Erausquinek European Foundation for the Study of Diabetes/Lilly Programme erakundearen finantziazioa izan du, baita Ramón y Cajal Programarena ere, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioarena (RYC-2017-21683), tesi-zuzendariaren kontratuari lotua. Gainera, Nafarroako Gobernuaren 2021 Industria Doktoregaien deialdian onuradun izan da.
Proteinen Kristalografiaren eta Immunologia Estrukturalaren Unitatean egindako ikerketaren emaitza gisa, Elena Erausquinek lau artikulu zientifiko argitaratu ditu lehen egile gisa, eta horien artean aipagarria da "Structural plasticity in I-Ag7 links autoreactivity to hybrid insulin peptides in type Diabetes" artikulua, Frontiers in Immunology aldizkarian zabaldutakoa.
Era berean, emaitzak nazioarteko bi biltzarretan eman dira ezagutzera: 33rd European Crystallographic Meeting Versaillesen, Frantzian (2022ko abuztua) eta 26th Congress and General Assembly of the International Union of Crystallography Melbournen (Australia, 2023ko abuztua).