Antibiotikoekiko erresistentzia-prozesuan aho-barrunbeak duen garrantzia identifikatu dute King's College Londonek eta Navarrabiomed-ek
Ikerketa David Gomez Cabrero doktoreak zuzendu du Navarrabiomed-en, eta emaitzak Nature Communications aldizkarian zabaldu dira
David Gómez Cabrero doktorea Navarrabiomed ikerketa biomedikoaren zentroko Bioinformatika Unitateko ikerlari nagusia da, eta ikerketa baten emaitzak argitaratu ditu King's College London-eko profesionalekin batera; ikerketan, aho-barrunbea aztertu dute antibiotikoen aurreko erresistentzia gisa. 2017-2020 denboraldian garatutako azterketaren emaitzak duela gutxi eman dituzte ezagutzera doakoa den Nature Communications aldizkarian, eta aurrerapen esanguratsua ekarri dute antibiotikoen aurreko erresistentziaren garapenaren ezagutzan.
Zenbait mikroorganismok —bakterioak barne— erresistentzia sortzen dute antibiotikoen aurrean, eta hori mehatxu orokor bilakatu da. Erresistentzia-prozesua ulertzeko, erresistentzia hori errazten duten geneen datu-baseak egin dira. Gene horiei oro har erresistoma deitzen zaie. Gizakiaren aho-barrunbean mikroorganismo ugari nagusi izan arren, orain arte ahoko erresistomaren azterketa oso mugatua izan da.
Navarrabiomed-en eta King's College London Zentroaren artean egindako ikerketan sakon alderatu dute erresistoma ahoko mikrobiomaren 788 laginetan, mundu osoan; gainera, azken horiek hesteko erresistomarekin alderatu zituzten (gorozkien laginen analisitik eratorrita). DNA mikrobianoaren sekuentziazio tekniken konbinazioari eta horren analisi bioinformatikoari esker, bi zentroetako taldeek jatorriko herrialdearekin eta aho-barrunbean duen kokapenarekin loturiko aldeak aurkitu ahal izan dituzte.
Zehazki, aldeak ikusi dituzte geneen, moten eta antibiotikoekiko erresistentzia-mekanismoen nagusitasunean. Ildo horretan, agerian utzi dute aho-barrunbean erresistomarenak diren geneen mota gutxiago izan arren, antibiotikoen aurrean erresistentzia jartzen duten geneak gehiago direla ahoan hestean baino. Era berean, erresistoman bateragarritasunak identifikatu dituzte listuaren laginen eta norbanako beren gorozkien artean.
Azterketaren arabera, garrantzitsua da erresistoma bereiztea giza gorputzaren alderdi ezberdinetan, zati bakoitzak antibiotikoen aurrean erresistentzia jartzeko duen potentziala eta testuinguru klinikoan antibiotikoen erabilerari zenbateraino eragiten dion jakite aldera.