Karlos II.ak 1376an sortutako Nafarroako lehenbiziko unibertsitatea omen zenaren zimenduak Uxueko eliza gotorlekuaren ondoan daude. Hori aprobetxatuz eta gertakari horren 640. urteurrenarekin bat eginez, Humberto Bustince Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta JAKIUNDEko kideak 2016ko abuztuan zenbait ikastaro antolatu zituen Uxuen NUPeko udako ikastaroen eskaintzaren barrenean, doakoak eta jende guztiari irekiak. Orduz geroztik ikastaro horiek urtero egiten dira.
2024ko ikastaroa, ohi den bezala, pertseiden egunetan eginen da, hots, abuztuaren 9an, 10ean, 11n eta 12an. Gauetako batean zeruaren behaketa eginen da, Iruñeko Planetarioaren laguntzarekin.
Ikastaroaren gai nagusia Adimen Artifiziala izanen da, eta egun bakoitzean AAk zenbait eremutan duen erabilera eta eragina aztertuko da: Neurozientzia eta AA; AA eta Zientzia eta Izarrak; AA eta Osasuna; eta AA eta Etika.
NORENTZAT
Jende guztiarentzat
HELBURUAK
Jakiunderen eta Uxueko udako ikastaroaren helburua ezagutza sustatzea eta zabaltzea da, bai eta egungo erronkei buruzko hausnarketa eta analisia eginaraztea ere.
IKASTAROAREN ZUZENDARIA
Humberto Bustince, NUPeko Konputazioaren Zientzietako eta Adimen Artifizialeko katedraduna.